Ameriketako jatorrizko hainbat hizkuntzaren egoera oinarri hartuta, komunitate bakoitzaren errealitateaz, batzuek besteenganako begiradaz eta elkarren berri izanda hizkuntzen garapenerako ikas daitekeenaz mintzo zaigun produkzioa da "Beltzean mintzo". Hainbat galdera planteatzen dira; zer ari da gertatzen Ameriketako jatorrizko hizkuntzekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako hiztunek? Lagun al dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskuratzeko prozesuan?
Hamalau pertsonaren eskutik, Ameriketako zazpi hizkuntza komunitateren egoera plazaratzen du dokumentalak; kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukaterenak hain zuzen.
Dokumentala eman eta gero, Garabideko kide Maddi Iñarrak eta Txema Abarrategik solasaldia gidatuko dute eta aurkezle lanetan Unai Arellano, Nafarroa Oinezen antolakuntzako kidea, ariko da.
Otsailaren 24an estreinatu eta Euskal Herriko hamalau herritan aurkeztu ondotik, ekainean Iruñean pantailaratu zen dokumentala Nafarroa Oinez eta honen baitan dagoen Txikiak Handi proiektuarekin elkarlanean. Sarrera doakoa izanen da.