Nafarroa Garaiak nagusitasunez irabazi du Herrialdeen arteko herri kirol txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 21a, 09:54
Nafarroako ordezkariak, Elizondon txapela jantzi eta gero. Argazkia: Xagu-Lesaka

Elizondon irailaren 19an jokatutako saioan, hamar kiroletatik bortzetan gailendu zen

Nafarroa Garaiak irabazi zuen irailaren 19an Elizondoko laxoa plazan jokatutako Herrialdeen arteko herri kirol txapelketa. Normalean zazpi herrialde izan beharko lukete, baina Behenafarroak eta Zuberoak ez zuten talderik aurkeztu. Espero bezala, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean izan zen lehiarik handiena eta nafarrek hamar kiroletatik bortzetan irabazi zuten. Txapelketa hasi baino lehen, minutuko isilunea gorde zen, hainbat urtez zinegotzi eta Nafarroako Herri Kirol Federazioko laguntzaile izan zen Martin Garde gartzaindarren omenez.

 

Honela, koxkor biltzen, Berriozarko Eder Goldarazena izan zen bizkorrena, Nafarroari lehen garaipena emanez. Txingekin Mielanjel Sukuntza leitzarrak ere 5 puntuak eman zizkion Nafarroari. Zaku lasterketan ere Berriozarko Oier Aizkorbe, Oskar Aguas eta Carlos Santamariak lortu zuten irabaztea. Sokatiran, Lesakako Beti Gaztek ezustea eman eta Abadiño faboritoari nagusitu zitzaion eta arpanan, Kañamares III.ak eta Eugi ultzamarrek eman zioten bosgarren garaipena Nafarroari. Ingude altxatzen bigarren izan zen Josetxo Urrutia leitzarra, aizkoran Donato Larretxea bezalaxe, launa puntu eskuratuz. Orga jokoan hirugarren izan zen Iruñeko Albaro Zugarrondo (3 puntu) eta lasto altxatzen eta harrijasotzen laugarren izan ziren Amaiurko Iñigo Goienetxe eta Etxalarko Xabier Ariztegi Santxin, bina puntu lortuz.

Denera, 40 puntu lortu zituen Nafarroak eta gisa honetara, bederatzigarren aldiz lortu du txapela. Hain zuen, 2002an lortu zuen lehen aldiz txapela janztea Beran eta 2004tik 2010era segidan irabazi zituen hurrengo zazpiak, tartean 2009an Donezteben. Geroztik, ez zuen garaipenik lortu azken lau urteetan, baina Elizondon berriz jaun eta jabe izan zen.

Gipuzkoa bigarren izan zen, bi proba irabazita, lasto altxaten eta harri jasotzen, Tubi eta Aimar Irigoienekin. 32 puntu eskuratu zituen Gipuzkoak. Bizkaiak ere bi garaipen lortu zituen, aizkoran Aitzol Atutxarekin eta orga jokoan Ousmane Drame, Barakaldon bizi den senegaldarrarekin. 31 puntu lortu zituen Bizkaiak. Arabak garaipen bakarra lortu zuen, ingude altzatzen Jon Lapazaranek lortu zuena. Halere, sailkapen orokorrean, garaipenik lortu ez zuen Lapurdiren gibeletik gelditu zen. Lapurtarrek 22 puntu eskuratu zituzten eta arabarrek 21.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun