Maite Iturre EHBilduko Baztango zinegotzia da Cederna Garalurreko presidente berria

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 18a, 09:31

Maite Iturre Cederna Garalurrekko presidente berria, ezkerrean, Cederna eta Udalbiltzaren ekitaldi batean. Erdian, azken urteetan presidente izan den Jose Mari Aierdi.

Irailaren 17an Lekunberrin egindako batzarrean 32 bozetatik 26 eskuratu zituen 

Maite Iturre, Baztango Udaleko EHBilduko zinegotzia izanen da Cederna Garalur Garapen Agentziako presidente datozen lau urteetan. Halaxe erabaki zuten irailaren 17an Lekunberrin egindako batzarrean. Iturre zen hautagai bakarra azken urteetan presidente izan den Jose Mari Aierdi Lekunberriko alkatea ordezkatzeko eta 32 botoetatik 26 jaso zituen, 2 boto zuri izan ziren eta 3 baliogabeak.

 

Maite Iturre buru izanen duen zuzendaritza batzordea ere aukeratu zen: Lizoain-Arriasgoitiko alkate den Amaia Ekisoain izanen da presidente ordea; Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola izanen da idazkaria eta EHNE sindikatuko Joseba Etxarte diruzaina.

 

Programa

EH Bilduk Cederna Garalur erakundeko presidentziarako aurkeztutakoan zenbait ideia proposatu zituen datozen lau urtetarako programan.

  • Zuzendaritza Batzordetik haratago tokiko batzorde sektorialetan ere indartu behar da udalen zein pribatuen parte-hartzea. Horretarako CEDERNA-GARALURren proiektu berria finkatu eta aurkezpen publikoak egin behar izanen dira herrietan.
  • Hemendik aurrera egiten diren kontratazioetan bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko gaitasuna bermatu behar da.
  • Garrantzi handikoa da lehentasunak identifikatzea eta eskualde mailako proiektuak edukitzea.
  • Gardentasuna, komunikazioa, eta parte hartzea, zutabe nagusiak izanen dira egin nahi dugun lanean.
  • Garapen endogenoaren aldeko lehentasunezko proiektuak martxan jartzeak.
  • Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea lehentasunezkoa izan behar du edozein eremu geografikotako garapen integral, iraunkor eta bideragarria gauzatzeko.
  • Mugaz gaindiko lankidetza:Nafarroako Mendialdeko zati handi bat Ipar Euskal Herriko mugakidea izaki, egitate hori baliatu behar dugu gure tokiko garapenarendako aukerak zabaltzeko.
  • Formakuntza, unibertsitateekin elkarlanak, berrikuntza eta ikerketa eta gazteekin lan egitea beharrezkotzat jotzen dugu.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun