Haur eta gaztetxoen laxoa txapelketetako finalean izanen da Oiz

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 8a, 08:12
Joan den urtean bezala, gazte mailako txapela janzteko aukera izanen du aurten ere Oizko laukoteak.

Larunbatean Iruritan kokatuko diren partidetan, ttikienen kategorian Doneztebe A izanen dute arerio eta koxkorxeagoetan Irurita

Laxoa Elkarteak antolatutako haur eta gaztetxoen laxoa txapelketetako bi finaletan izanen da Oiz, parte hartu duen herrien artean ttikiena. Bi finalak irailaren 12an, larunbat arratsaldean jokatuko dituzte Irurirtan. Ttikienen kategorian Doneztebe A izanen dute arerio eta koxkorxeagoetan Irurita.

Haurren kategorian, finalerdietako itzulerako partidetan ez zen ezusterik izan. Joanekoetan, Oizek 1-7 irabazia zion Doneztebe Bri eta Doneztebe Ak 0-7 Arraiozi. Itzulerakoan, Oizek 6-7 galdu zuen Doneztebe Brekin, baina halere finalera sartzea lortu zuen. Doneztebe Ak bigarren partida ere irabazi zuen, 7-2. Hortaz, larunbat arratsaldeko 4etan hasiko den finalean, Doneztebe A (Unai San Miguel, Markel Jabalera, Aimar Sarratea eta Joseba Bengoetxea) eta Oiz (Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Oscar Ilarregi eta Aimar Ariztegi) izanen dira aurrez aurre.

Gaztetxoen kategorian berdintasun gehiago izan zen. Joanekoan, Oizek 3-7 irabazia zuen Donezteben eta nagusitasuna berretsi zuen herrian, 7-1 irabazita. Baztandarren arteko finalerdian, berriz, joanekoan 7-6 gailendu zitzaion Arraioz Iruritari, baina Iruritak etxean 7-2 irabazi zuen, finalerako txartela lortuz.

Hortaz, larunbat arratsaldeko 6etan hasiko den finalean, Irurita (Pablo Dorregarai, Iker Aleman, Asier Mariezkurrena eta Unai Bikondo) eta Oiz (Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Zorion Zelaieta eta Jon Oiartzabal) lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun