Beira biltzearen ardura Ecovidrio enpresarena dela argitu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 14a, 07:21

Azken hamabostaldian edukiontziak beteak eta zenbaitzuk gainezka daudelako, zerbitzuaren maiztasun haundiagoa izan dadin eskatu dute herritarrek

Baztango Udalak Diario de Noticias egunkarian argitaraturiko berriaren inguruan zenbait gauza jakitera eman nahi ditu. Berriak zioen bezala, Baztango zenbait herritan beira edukiontziak beteak eta zenbaitzuk gainezka egon dira azken 15 egunetan eta herritarrek beira bilketa zerbitzuaren maiztasuna haundiagoa izan zedin eskatzen zutela zioen. Baztango Udaletik herritarrei jakinarazi nahi diete zerbitzu hau ez dagoela bere esku, Ecovidrio enpresaren esku baizik. 

«Beira bilketa zerbitzua ez da Udaletik kudeatzen. Estatu mailako Ecovidrio enpresa da beira bilketaren arduraduna eta honek azpikontrataturiko enpresa baten bitartez egiten du bilketa» dio Baztango Udalaren oharrak.

Nafarroako Gobernuak Ecovidrio enpresarekin sinaturiko hitzarmen batek zehazten ditu bilketa honen nondik norakoak. Ecovidrio arduratzen da zonaldean beira kontenedoreak jartzeaz eta baita hemen bildutako beiraren bilketa eta tratamenduaz ere. Hau honela izanik ere, Baztango Udalak hondakinen kudeaketa egokia bermatze bidean bitartekari lanak egiten ditu, «beiraren bilketa zerbitzu egokiak gainerako hondakin frakzioen bilketan eragin zuzena duelako».

Azken hilabeteotan Ecovidriok azpikontrataturiko enpresa aldatzearekin batera hainbat arazo izan dira, eta ez Baztanen bakarrik. Arazo hauek, berriak zioen bezala, azken 15 egunetan areagotu badira ere konpontze bidean daude.

Baztango Udalak aunitz eskertzen ditu jendearen kexa, abisu eta jakinarazpenak, «guzti hauek arazoaren dimentsioaren berri eman digutelako eta Udalak berak Ecovidrio enpresari behin eta berriz egin dizkien erreklamazioei indarra eman dietelako».

Hala bada, Udaletik hondakinen inguruan dagoen edozein kexa edo zalantza jakinarazten segitzeko gonbitea egiten zaie herritarrei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun