Noka taldea, Mikel Markez eta Erramun Martikorena kantari ariko dira ortziralean Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko abuztuaren 5a

Noka taldea eta Mikel Markez, Estatu Batuetan eskainitako emanaldi batean.

Arratseko 10:30ean hasiko da emanaldia Lur dantzalekuan

Andrea Bidartek, Begoña Etxeberriak eta Cathy Petrissans-ek osatzen dute Kaliforniako Chino hirian sortutako Noka taldea; Kalifornian sortuak bai, baina euskal jatorrikoak dira hirurak. Etxeberriak Baztangoak ditu arbasoak, Orabidekoak. Berriki beraien bigarren diska argitaratu dute eta Euskal Herrian dabiltza ezagutzera ematen, Mikel Markez kantariarekin batera. Abuztuaren 7an, ortziral arratseko 10:30ean Elizondoko Lur dantzalekuan eskainiko dute kontzertua. AEBko hirukoteari eta Errenteriako kantariari, Erramun Martikorena batuko zaie emanaldian. Sarrerak 10 eurotan salduko dira egun berean.

 

Noka taldeko kideek a capella kantatzen dute eta noka emakumeen artean hitz egiteko moldea aldarrikatzen dute beren kantuetan eta jarreratan. Iaz, Mikel Markez kantautore euskaldunarekin bat egin zuten eta bira txiki bat konpartitu zuten Ameriketako Estatu Batuetan. Aurten, Euskal Herrira egin dute jauzi eta zenbait kontzertu eskainiko dituzte ondorengo egunetan, Nokez EH Tour delakoaren harira. Disko berria dakarte besapean: Bi ahizpak. Abuztuaren 7an, Elizondon (Nafarroa) kantatuko dute, Martikorenarekin. Iganderako, Arabara joanen dira (Espejo) eta 14an Zuberoan iragarri dute kontzertua (Garendainen), 16an Bizkaian bukatzeko, berriro Erramun Martikorenaren konpainian (Etxanon, Zornotzan).

Mikel Markezek (Errenteria, 1971) mende laurdena darama musikaren munduan murgildurik. Euskal Herriko txoko gehienetan kantatu du bakarlari moduan, bai eta kantari eta talde andanarekin kolaboratu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun