Ultzamara joan dira Euskal Herriko arpana txapelketak

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 27a, 11:29

Barberena anaiek lana gogotik egin behar izan zuten txapela janzteko. Artxiboko argazkia

Gizonezkoen lehen mailan Barberena anaiak nagusi eta emakumezkoetan Iraizoz ahizpak nagusitu ziren igandean Elizondon 

Euskadiko gizonezkoen lehen mailako eta emakumezkoen arpana txapelketak jokatu ziren uztailaren 26an Elizondoko Iriarte pilotalekuan. Bietan ultzamarrak eta bietan senideak suertatu ziren txapeldun: Iraizozko Iñaki eta Josetxo Barberena anaiak eta Eltsoko Ainhoa eta Ana Iraizoz ahizpak.

 

Euskadiko gizonezkoen lehen mailako arpana txapelketan ez zen eskualdeko ordezkaririk izan. Sailkapen proban lehenbizikoak, Mikel Eugi eta Julen Kañamares III izan ziren, baina finalean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Iñaki eta Josetxo Barberena anaiek 11 minutu, 34 segundo eta 10 zentesima behar izan zituzten etzanda jarritako 60 ontzako enborrean 5 ebaketa, zutik jarritako 54 ontzako enborrean 6 ebaketa, etzanda jarritako 54 ontzako enborrean 6 ebaketa eta etzanda jarritako 60 ontzako enborrean 5 ebaketa egiteko. Eugik eta Kañamaresek 22 segundo gehiago behar izan zituzten (11:56.09). Beraz, Nafarroako txapelketako postuak trukatu zituzten Euskadikoan. Dexente gibelago bukatu zuten Igor Esnaolak eta Santi Aizpuruak (13:24.47), Imanol Kañamares eta Oier Kañamares lehengusuek (16:02), Esteban Pikabea eta Martin Pikabea anaiek (17:07.59) eta Unai Iraola eta Jokin Garmendiak (18:48.25).

 

Emakumezkoetan Iraizoz ahizpak

Euskadiko emakumezkoen arpana txapelketan Nafarroako hiru bikote lehiatu ziren: Nerea Sorondo eta Amaia Garcia beratarrak, Itxaso Onsalo aresoarra eta Xanta Sousa lesakarra eta Eltsoko Ainhoa eta Ana Iraizoz ahizpak. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 ebaketa egin behar zituzten. Azkenean, Ultzamako bikotea nagusitu zen, 4 minutu eta 43 segundoko denborarekin. Sorondo eta Garcia beratarrak izan ziren bigarren (5:04) eta Aresoko Onsalo eta Lesakako Sousa hirugarren (5:20).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun