Euskadiko gizonezkoen lehen mailako arpana txapelketaren finalean ez da eskualdeko ordezkaririk izanen, Anizko Andoni Irigoien eta Iruritako Guillermo Etxenike, 37 zentesimarengatik kanpoan gelditu baitziren ekainaren 27an Uharten jokatutako kanporaketan. Sailkapenean lehenbizikoak, Mikel Eugi eta Julen Kañamares III izan ziren. Beraiekin batera, gaur egun txapeldun diren Iñaki eta Josetxo Barberena anaiak, Igor Esnaola eta Santi Aizpurua, Imanol eta Oier Kañamares lehengusuak, Esteban eta Martin Pikabea anaiak eta Unai Iraola eta Jokin Garmendia izanen dira. Etzanda jarritako 60 ontzako enborrean 5 ebaketa; zutik jarritako 54 ontzako enborrean 6 ebaketa; etzanda jarritako 54 ontzako enborrean 6 ebaketa; eta etzanda jarritako 60 ontzako enborrean 5 ebaketa eginen dituzte.
Euskadiko emakumezkoen arpana txapelketan Nafarroako hiru bikote lehiatuko dira: Nerea Sorondo eta Amaia Garcia beratarrak, Itxaso Onsalo aresoarra eta Xanta Sousa lesakarra eta Ultzamako Ainhoa eta Ana Iraizoz ahizpak. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 ebaketa egin beharko dituzte.
Nafarroako lokotx biltze txapelketako kanporaketan zazpi kirolari aritu ziren. Bizkorrena faborito nagusia izan zen, Fernando Etxegarai beratarra (6.10). Bigarren Andoni Lasaga etxalatarra izan zen (6.36), hirugarren Berriozarko Eder Goldarazena (6.46), laugarren Anizko Unai Iantzi (6.48) eta bosgarren Etxalarko Iñigo Lasaga (7.01). Beraz, bortz kirolari hauek izanen dira uztailaren 26an Elizondon jokatuko den finalean. Ohiko lana egin beharko dute: 1,25 metrotara, bi lerrotan jarriak dauden 50 lokotx bildu. Lehen bi sailkatuek Euskal Herriko txapelketarako txartela lortuko dute.