Brasilgo Eguna Baztanen ospatuko dute uztailaren 4an

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 1a, 07:47

Iruritako Jauregiarte Taberna Kulturalaren egoitzan hainbat ekitaldi prestatu dituzte larunbat arratsalderako

Bidelagun eta Dorrea elkarteak Brasilgo Eguna Baztanen ekitaldia antolatu dute. Uztailaren 4an izanen da. Iruritako Jauregiarte Taberna Kulturalaren egoitzan garatuko da, Nafarroako Kutxaren Fundazioa eta Baztango Udalaren laguntzarekin.

Bidelagun elkarteak hartueman haundia du jatorri ezberdinetako jende aunitzekin. Iaz Nikaraguako eguna ospatu zuten. Aurten Baztan-Malerrekan bizi diren brasildarren kultura ezagutzera eman nahi dute, jatorri ezberdineko kulturak ezagutzera eman, gure hurbiltasuna erakutsi  eta persona berriak ezagutzeko helburuarekin.

Larunbat arratsaldeko 6etan hasiko da ekitaldia, bertan bizi diren brasildarrek aurkeztuko duten bideo baten bidez. Ondotik, haurrendako aurpegia pintzatzeko tailerra eginen dute. Brasilgo janariak erosteko eta dastatzeko aukera izanen da eta caipiriña bezalako edari brasildarrak ere prestatuko dituzte. Arratsalde osoan, musikaz eta erritmo brasildarrez inguratuta egonen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun