Sailkapenean lehenbizikoak, Mikel Eugi eta Julen Kañamares III izan ziren, 4 minutu eta 11 segundoko denborarekin. Beraiekin batera, gaur egungo txapeldunak diren Iñaki Barberena eta Josetxo Barberena anaiak, Igor Esnaola eta Santi Aizpurua, Imanol Kañamares eta Oier Kañamares lehengusuak, Esteban eta Martin Pikabea anaiak eta Unai Iraola eta Jokin Garmendia izanen dira uztailaren 26an Elizondon jokatuko den finalean.
Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa, zutik jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa eta etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa egin behar izan zituzten eta Etxenikek eta Irigoien baztandarrek, Iraola eta Garmendia gipuzkoarrekin izan zuten finalera sartzeko azken txartelaren bila lehiarik handiena. Azkenean, ehunekoek erabaki zuten lehia. Gipuzkoarrek 6 minutu, 52 segundo eta 5 ehuneko behar izan zituzten lanak akitzeko eta baztandarrek 6 minutu, 52 segundo eta 42 ehuneko. Beraz, 37 ehunekorengatik ez dira finalean izanen Etxenike eta Irigoien.