Iruritan nekazaritza formazio profesionalaz eta tokiko garapenaz aritu ziren

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 19a, 12:34
50 bat lagun bildu ziren Iruritako Jauregiarten, solasaldian parte hartzera.

Gabriel Durruti Hazparneko laborari eskolako zuzendari ohia eta Juanma Intxaurrandieta INTIAko teknikaria izan ziren hizlari

Eskualdeko garapen ekonomikoa bulkatzeko asmoarekin nekazaritza sektorea eta lanbide-heziketa elkarrekin lotuz, ekainaren 18an Iruritan mahai-ingurua egin zen. Hazitik Hoziek eta EHNEk antolaturik, Gabriel Durruti Hazparneko laborari eskolako zuzendari ohia eta Juanma Intxaurrandieta INTIAko teknikaria Zergatik nekazal-formazio profesionala Baztan-Bidasoan? gaiaz mintzatu ziren. 

 

Jauregiarte ostatu-kulturaleko larrainean nekazal-formazioak sektorea bizkortzeko izan duen garrantziaz aritu zen Durruti. Laborari-eskolek laborarien seme-alabak eta hiritik zetozen ikasleak harremantzeko izan duten garrantzia aipatu zuen, hiria eta laboraria etsaiturik ez, elkarren beharra dutela aipatuz eta elkarlanerako bideak garatzeko beharra azpimarkatuz. Bertzalde, Juanma Intxaurrandietak nekazaritza konbentzionalaren mugetarik ohartarazi zuen. Hala, nekazaritza ekologikoa aukera bezala aurkeztu zuen nahiz, horretarako, erakundeen inplikazioa eskasa den eta formazioa eskaintza hutsala. Hitzordurat berrogeita hamar lagun inguru hurbildu ziren tartean hezkuntza-arloko eragileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun