Juanjo Atxa omendu du Baztan Ikastolak ikasturte akabailako bestan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko eka. 17a, 09:33

Ikasle ohiek bertsoak kantatu eta oroigarri bat eman zioten Atxari.

37 urtez irakasle izan ondotik erretiroa hartu du almandoztarrak

Baztan Ikastolako ikasle, ikasle ohi, guraso, irakasle eta laguntzaileak bildu ziren ekainaren 13an Baztan pilotalekuan ikasturte akabailako bestan, 500 lagun inguru. 37 urtez irakasle izan ondotik aurten erretiroa hartu duen Juanjo Atxa Mindegia izan zen protagonista, omenaldia eskaini baitzioten. Ikusi Juan Mari Ondikolen argazkiak

 

Gorka Urtasun, Oier Amiano, Iban Dufurrena, Maialen Kamino eta Xabier Goñi ikasle ohiek kantuz eta bertsoz eskerrak eta oroigarri bat eman zizkioten Atxari. Orai, asti gehiago izanen duenez, mendian ibiltzeko makila eta motxila ere jaso zituen irakasle almandoztarrak. “Nafarroa Oinez batekin ailegatu nintzen eta bertze batekin noa, baina beti hemen izanen naiz” adierazi zuen hunkituta Juanjo Atxak.

Gero, bazkari eta bazkalondo luzearen ondotik, frontoia ongi txukundu eta kalejiran ibili ziren, Mifa Fanfarrearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun