Gainerako udaletan espero zena gertatu zen.
Beran, EHBilduko Josu Iratzoki bueltatuko da alkatetzara, 2007-2011 legealdian egin zuen bezalaxe. Halere, EHBilduko zinegotzi bat oporretan zela eta UPNkoak Herrirako taldeari boza eman zionez, hasieran bosnako berdinketa gertatu zen Iratzoki eta German Castilloren artean. Azkenean, talderik bozkatuena EHBildu izan denez, ez zen ezusterik gertatu. Ikusi argazkiak
Lesakan ere, Jose Luis Etxegarai bueltatu da alkatetzara, oraingoan Geroa Bai taldearekin. Lehen ere alkatea izan zen Etxegarai hamasei urtez, 1987tik 2003ra, orduan PNVko zerrendaburu gisara. Orain, gehiengoa izanen du sei zinegotzirekin eta EHBilduk 5. Ikusi argazkiak
Donezteben, EHBilduko Xanti Uterga erremontelaria da alkate berria sei zinegotzirekin. Alfredo Zugarramurdi independientea buru duen PSNk 3 zinegotzi eskuratu zituen, baina horietako bik EHBilduko alkategaiaren alde bozkatu zuten. Ikusi argazkiak
Leitzan, EHBilduko Mikel Zabaleta da alkate berria, 9 zinegotzirekin. UPNk bi eskuratu ditu.
Etxalarren, aitzineko legealdian bezala, Herri Taldeko Migel Mari Irigoien izanen da alkate, oraingoan gehiengo osoarekin eta 5 zinegotziren babesarekin. Etxalar Bai eta EHBilduk zinegotzi bana izanen dute.
Urdazubin, Azkar taldeko Santiago Villaresek segituko du alkatetzan 4 zinegotzirekin eta Urdazubi Elgarrekin taldeak 3 izanen ditu.
Zubietan, Herriko Taldeko Ernesto Dominguez da alkate berria, 6 zinegotziren babesarekin. Zubietarrak taldeak zinegotzi bakarra izanen du.
Gainerako herrietan, hautagaitza bakarra zegoenez, ez zen ezusterako inolako aukerarik. Honela Arantzan Juan Miguel Almandoz (EHBildu), Areson Ur Algero (Areso Eraikiz), Bertizaranan Andres Etxenike (EH Bildu), Donamarian Maite Urroz (Herriarengatik), Goizuetan Unai Loiarte (EH Bildu) ikusi argazkiak, Iturenen Mari Jose Bereau (EH Bildu) eta Sunbillan Amets Inda (EH Bildu) dira alkateak. Horietako batzuk berriak dira eta bertze batzuk bertze lau urtez karguan segitzen dutenak.