Dispertsioaren kontrako hitzorduan Elizondo eta Algeciras bizikletaz lotu zituzten

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 15a, 08:33

80 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten ekitaldian pedalei eraginez.

Joxe Miel Gaztelu dagoen espetxerainoko ibilbidea irudikatu zuten bizikleta estatikoetan 

"Baztango herriek ere dispertsioari ez" kanpainaren baitan, dispertsioarekin akitzeko hitzordua antolatu zen ekainaren 12an Elizondoko plazan. "Denen esfortzuaz dispertsio politikarekin bukatuko dugu" errepikatu zen behin eta berriz ekitaldiak iraun zuen denbora guzian. Errepikatu eta irudikatu, izan ere, Elizondoko plazan paratutako bortz bizikleten pedalei eraginez, Joxe Miel Gaztelu espetxeratua dagoen Algeciraseko espetxetik Elizondoraino dauden 1.200 kilometroak korritu ziren taldeka eta txandaka. 

Koadrilaka, elkarteka eta kolektiboka, bizikletei atsedenik eman gabe, 80 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten ekitaldian dispertsioarekin bukatuz kilometroak egin ahala. Mapa handi batean egindako kilometroak markatzen joan zen, Joxe Mielen argazkia etxerantz hurbilduz. Markatutako ibilbidea bukaturik, Algeciraseko bidean zegoen familiarren autobusarekin konexio telefonikoa egin zen eta horrelako bidaia batek suposatzen duena ezagutzeko aukera izan zuten bertaratuek.

Ekitaldian musika izan zen, dispertsioaren liburuxka eskuratzeko aukera eta Joxe Mieli berari idaztekoa ere. Bukatzeko, pintxo jatea egon zen.

Kalez jantzitako guardia zibilek ekitaldia zelatatu zuten eta argazkiak edo bideoak grabatu zituzten telefono mugikorrekin.

Kanpaina honen hurrengo hitzordua irailean izanen da.

 

Partehartzea

Orain arte "Baztango herriek ere dispertsioari ez!" kanpainaren baitan egin diren hitzorduetan 200 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte eta dispertsioaren liburuxkaren 60 ale baino gehiago banatu dira. Urtarrilean, Erratzun, Gari Garaialde argazkilariak "Zu ikusteko bidean" izeneko lana aurkeztu zuen, ondoren Baztango preso politikoen familiarrek beren bizipenak kontatu zizkiguten eta elkarretaratze bat egin zen. Otsailean, Arraiozen, Etxarri-Aranatzeko Sarek egindako "Urruti vs gertu" dokumentala eman zen eta Iñaki Errok eta Xotero Etxandik espetxeari buruzko solasaldia eman zuten. Martxoko hitzordua Anizen izan zen eta, Ibon Iparragirre presoaren osasun egoera kezkagarria dela eta, espetxearen ondorioak jorratu ziren solasaldi formatuan. Batetik "Iparra galdu barik" plataformako kide bat etorri zen eta bertzetik "Jaiki hadi" taldeko Mikel Urra medikua. Apirilean Arizkunen, Arizkungo gazteekin elkarlanean, dispertsioaren kontrako mus tximista antolatu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun