Zahar Etxearen aferan “bi ereduren arteko talka dagoela” uste du Baztango EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 10a, 08:48

Kudeaketa publikoaren eta «entxufismoa bultzatzen duen» zerbitzu publikoen pribatizazioaren artekoa 

Azkenengo aste honetan Zahar-Etxeko kontratazioen inguruan, Zahar-Etxeko enpresa batzordearen, Zahar-Etxeko patronatoko kideen eta IDEA enpresaren inguruan zabaldu diren berrien aitzinean, «horrelako egoerak Zahar-Etxearen eguneroko funtzionamenduari zein erabiltzaileen egoerari kalte zuzena eta nabarmena eragiten diola» uste du Baztango EH Bilduk.

Baztango EH Bilduren ustez, «egoera hauek saihestea da alde guztien betebeharra eta batez ere ardura eta erabakiak hartzeko ahalmena duen Patronatuarena. Patronatuak bai 2009an bai 2014an aukera izan du kudeaketa zuzena eta publikoa egiteko. Bi kasuetan kudeaketa IDEA enpresa pribatuaren esku utzi nahi izan du, lehiaketa publikorik egin gabe eta azkenengo kasuan Udal Gobernuaren iritziaren kontra». 

EH Bilduren arabera, lotura zuzena dago erabaki horien eta gaur egungo egoeraren artean: «Enpresa pribatu honek ez du langileak kontratatzerakoan froga objektiborik egiteko legezko betebeharrik, ezta langilen profesionaltasuna edo hizkuntz eskakizunak betetzekoa ere. Beraz, honek aukera handia uzten du entxufismo, faboritismo eta klientelismoan oinarritutako kontratazioak egiteko. Egoera honek kontratazioen inguruko susmoak sorrarazten ditu eta herritarren zein langileen haserrea pizten du».

Zerbitzua ahal den hoberen emateko langileen kontratazioa bere gaitasuna zein esperientziaren arabera izan beharko litzatekeela uste du EH Bilduk eta «hau bermatzeko kudeaketa publikoa da gardentasuna eta profesionaltasuna ziurtatzeko modu egokiena».

Bi ereduen arteko talka baten aitzinean gaudela dio EH Bilduk: «Gardentasuna, profesionaltasuna, eta langile zein erabiltzaileen eskubideak bermatzen duen kudeaketa publikoaren eredua, eta bertze aldetik dugu faboritismoa eta entxufismoa bultzatzen duen zerbitzu publikoen pribatizazioaren eredua». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun