Denera, Guillermo Etxenike iruritarrak 4 ordu, 24 minutu eta 21 segundo behar izan zituen lana akitzeko. Esnaolak, 4 ordu, 39 minutu eta 54 segundo. Zigatik abiatzerakoan erritmo polita jarri zuen Etxenikek. Saioara igotzeko 2 ordu, 49 minutu eta 25 segundo behar izan zituen eta Esnaolak 3 ordu eta segundo bat (10 minutu eta 36 segundoko aldea kaxkoan). Berroetarako beheitirako bidean ere oraindik alde handiagoa atera zuen Iruritakoak (48 minutu eskas behar izan zituen jausteko) eta Legorretakoak 55 minutu eta 59 segundo. Pantaila erraldoian proba ikusteko aukera izan zuten 800 lagunekin gainezka zegoen Berroetako plazara txalo zaparrada batean sartu zen Etxenike, bere abantailaz jakitun eta aldeari lasaitasunez eutsi zion harri jasotzen eta aizkoran ere.
Hasiera batean aurreikusia zegoen denbora ordu eta erdiz hobetu zuen eta gipuzkoarra ere ez zen makal ibili. Nafarroako Herri Kirol Federazioko epaileek kontrolatu zuten lana.