Geroa Bai koalizioak apirilaren 17an, ortzirala, arratsaldeko 7:30ean Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eginen den hitzaldi-eztabaida ekitaldi irekia antolatu dute. Horretan, 2015eko hauteskundeetan Nafarroako Gobernuko Presidentziarako hautagaia den Uxue Barkosek hartuko du parte eta harekin batera hizlari izanen dira Manu Ayerdi eta Koldo Martínez. Hitzaldian Baztango Udalerako Geroa Bairen zerrenda osatuko duten hautagaiak ere egonen dira.
Geroa Bai sortu zenetik, Nafarroan barna ibili izan dira, hainbat herritan (Baztangoak barne) hitzaldiak eskainiz, lehen eskutik jaso ahal izateko eskualde ezberdinetako biztanleen iritziak, kexak, kezkak eta iradokizunak oro bat. Batera, topaketa hauek herritarren aurrean egunez egun instituzioetan garatu duten lanaren berri emateko baliatzen dituzte.
Legealdia amaitzear dago; hartara, egokia iruditu zaie balantzea egitea eta, batez ere, herritarrekin konpartitzea etorkizunera begira Baztan eta Nafarroaren garapenerako dituzten ikuspegia eta proposamenak.