Eñaut Elorrieta abeslari ezagunak Deserriko kantak kantaldia eskainiko du apirilaren 12an, igande arratsaldeko 7etan Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Udaleko Kultura Batzordeak antolatutako ekimenean edukiera mugatuko da.
Deserriari kantari
Deserriari ertz guztietatik begiratzen dio Eñaut Elorrietak, Ken Zazpiko abeslari moduan ezagun egin denak, bakarkako lanean. Horretarako, bereaz gain hainbat idazle eta poetaren lumaz baliatu da. Haietariko batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa (Joseba Sarrionandiak edo Joan Oliverrek, kasu); bertze batzuek deserri poetikoari idatzi diote (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga). Gai soziala bezain intimoa den deserria berea egin du Eñaut Elorrietak, hitzekin eta musikarekin lur zati bizigarri bat zedarritu nahian.
Zuzeneko emanaldiak norbere baitako kartografietan bidaiatzera gonbidatzen dute entzulea, gogoeta eraginez norbere aberriaz eta atzerriaz, nor bere emozioen geografiaz.