Udaberriko Azienda Feria apirilaren 10ean eginen da Elizondon. Baina egun horretarako prestatutako ohiko ekitaldiez gain, gasnagintzarekin zer ikusia duten bertze zenbait ere prestatu dituzte apirilaren 2tik 10era.
Gasnaren Astea
Izan ere, Baztango Udalak, Cederna-Garalur elkarteak, Hazitik hoziek eta Baztango gasnagileek antolatu eta babesten duten Udaberriko Feria baino lehen ere, Gasnaren Astea antolatu dute.
Apirilaren 3tik 9rat, Baztango gasnategietarat bisitaldiak eginen dituzte eta dastatzeko aukera ere eskainiko dute Anizko Jauregia, Elizondoko Autxitxia eta Orabideko Kortarin.
Apirilaren 3an, Elizondoko Aise elkartean gasna erakusketa-dastaketa eginen da, ardo eta sagardoarekin uztartuz, 19:30ean. Aitzinetik izena eman behar da 675 550960 telefonoan (Aitor Azkarate), 5 euro ordainduz. Apirilaren 8an, “Gasna, hemengo elikagai osasuntsu bat” solasaldia eskainiko du Iraia Olabak 19:30ean Arizkunenea Kultur Etxean.
Apirilaren 9an, dastaketa-tailerra eginen dute eguerdian Elizondoko Lanbide Eskolan. Antolatzaileek “Bertakoa Baztangoa” markari indarra eman nahi diote, herritarrak ohartarazteko bertako produktuen kontsumoak duen garrantziaz. Hortaz, apirilaren 2tik 10era Baztango hainbertze jatetxe, ostatu eta landetxeekin Baztango esnekiak eskainiko dira. Parte hartuko duten establezimenduak Hemen hemengoaz gozatu! lelopean arituko dira.
Udaberriko Feria
Udaberriko Azienda Feria apirilaren 10ean eginen da. 10:00etan hasita, azienda feria eta XXVII. Ahari lehiaketa eginen dira eta goiz-arratsaldez artisautza eta bertako produktuen Feria Foruen Plazan. 11:00etan Arizkungo txistulariak ariko dira eta 11:30ean urteko ardi gasnaren mozketa ekitaldia eginen da eta gero gasna lehengo moduan nola egiten zer erakustaldia. Eguerdian Baztango Dantzari Ttikiak ariko dira eta segidan baztan-zopen dastatzea izanen da. 13:30 aldera sari banaketa eginen da Merkatuko Plazan. Arratsaldean umeentzat tailerrak ere izanen dira. Bistan denez, ohiko ekitaldiez gain, gasnagintzarekin zer ikusia duten bertze zenbait ere prestatu dituzte.