Udalbiltzak, Donostiako Udalak eta Zazpiak Bat-ek berriztagarrien sektorea eztabaidatzeko, aztertzeko eta balioa emateko jardunaldia antolatu dute, ENERTIC smart enpresa zentroan. Bertan, gertutik ezagutu ahal izan dira honako hauen inguruko ekimenak: eguzki-energia, biomasa, eraikinen autokontsumoa nahiz mugaren bi aldeetako egoera energetikoari buruzko diagnostiko orokorra.
Energia arloko esperientziak trukatzeko hirugarren topaketak dira hauek. Eta azken urtean egindakoaren berri eman eta ideiak partekatzeko aukera izan dute parte hartzaileek. Bertan izan dira Udalbiltzako eta Donostiako Udaleko ordezkariak eta baita hainbat herritako alkate eta hautetsiak ere. Gipuzkoako garapen agentziak bertan izan dira, baita energia berriztagarrien sektoreko enpresak ere.
Topaketei hasiera emanez, autokontsumoaren eremuan Gernika-Lumon abiatutako egitasmoa azaldu dute udaletxeko eta Som energia kooperatibako ordezkariek. Astra gunean autoekoizpenari lotuta burutu duten egitasmoa azaldu dute. Begoña Landa, lehen alkateordeak eta Naiara Urberuaga, kultura zinegotziak aurkeztu dute egitasmoa bertan bildutakoen aurrean.
Segidan, ipar Euskal Herriko herriko etxeetan eguzki energiarekin duten esperientzia azaldu dute Iker Elizalde auzapez ordeak eta Stéphane Kreckelbergh I-Ener kogenerazioan eta hondakinetan diharduen aholkularitza teknikoko enpresako ordezkariak. Hendaiako herriko etxeko adibide izan dute hizpide. Herriko etxeak hiru eraikinetako teilatuak xafla foto boltaikoak guzki jartzeko utzi dizkio I-Ener enpresari. Hendaiako eredua beste herrietara eramateko harremanetan direla azaldu dute arduradunek.
Ondoren, biomasa bidezko bero sareen praktika egokiak izan dira hizpide. Hasteko eta behin, Jojo Goyheneix eta Hervé Etchemendy Sugarai enpresa parte hartzaileko ordezkariek Iratiko basoen kudeaketarako duten asmoen berri eman dute. “Euskal Pirinioak sendotzen programaren baitan Sugaraik Udalbiltzaren laguntza jaso zuen biomasan jarduten duten SCI enpresa bat sortzeko. Egitasmo honek lanpotuak sortuko dituela aurre ikusten da.
Baztan eta Ispazter
Ondoren, Baztanen eta Ispazterren biomasa bidezko bero sareekin duten esperientzia azaldu dute Jesus Lekerikagaeskoa Ispasterko alkateak eta Baztago ingurumen zinegotzi Mikel Ortegak.
Efizientzia energetikoan garatzeko Baztanen eman dituzten urratsak azaldu ditu Ortegak. Argitedia publikoan egin zituzten lehen aldaketak. Argia herritarren beharretara egokitu eta LED teknologia sartu dute. Eraikin publikoen berokuntza sisteman ere nabarmen aurreztu du Baztango Udalak (75 mila euro kaleko argindarrean).
Eraikinetako leihoak berritu dituzte energia kontsumoa murriztuz. Hurrengo erronka basoetako hondakinen erabileran dute jarria. Bailarako basoen kudeaketa sistema nahi dute jarri martxan. Basoko hondakinekin, biomasa bidez nahi dute eraikin pubikoetako berokuntza sistema gauzatu. Honela, lehen gaia ere bertako basoetakoa izango da. Baztango udal gobernuko ordezkariak bailarako garapenarekin lotu du egitasmoa eta bertako enplegua sortzeko aukera izango dela aurreratu du.
Izan ere, tokiko garapenarekin lotutako egitasmoak dira denak. Bertako, enplegua, lokala, sortu dutenak eta lanpostu gehiago sortuko dituztenak.
Ispasterren kasuan, azken 4 urteotan egindakoa azaldu dute Ispastergo udala, Jesus Lekerikagaeskoa alkateak eta Barrizar kooperatibako ordezkariek. Auditoria energetiko bat egitetik hasi zuten prozesua. Azterketa egin ondoren, energia efezizientzian aurrera egiteko neurriak hartu eta lanean hasi ziren. Hasteko eta behin, argitegi publikoan aldaketak egin zituzten. Eta iaz, eraikin publikoak biomasazko kalderekin berotzeko sistemaren lehen puntua jarri zuten martxan, eskolakoa. Lehen fasea martxan jarrita sare osoa eraikin nahi dute herriko 8 eraikin publikoetarako.
Energia arloko esperientziak bultzatzen jarraitzeko, Udalbiltzako deialdi publikoa egingo du datorren asteartean Koop57 zerbitzu kooperatibarekin batera. Deialdiak eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarriaren esparruko proiektuak laguntzea izango du helburu.