Auzolanaren bidez berreskuratutako Amaiurko gune historiko eta turistikoa inauguratu dute

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 9a, 09:58

Oinezko martxa, Amaiurtik gaztelura. Utzitako argazkia

Martxoaren 7an egin zen Harritik herrira ekitaldia

Gaztelua eta ingurunea egokitzeko obrak bukaturik, Amaiurko gune historiko eta turistiko berria inauguratu zuten martxoaren 7ko ekitaldian. Ekitaldia Udalbiltzak, Amaiurko herriak eta Baztango udalak antolatu zuten, “Harritik herrira” goiburupean eta gaztelua jende guztiarentzat irekia dagoela ospatzeko balio izan zuen.

Gaztelua eta ingurunea egokitzeko obrak bukaturik, Amaiurko gune historiko eta turistiko berria inauguratu zuten martxoaren 7ko ekitaldian. Ekitaldia Udalbiltzak, Amaiurko herriak eta Baztango udalak antolatu zuten, “Harritik herrira” goiburupean eta gaztelua jende guztiarentzat irekia dagoela ospatzeko balio izan zuen.

Ekitaldiak goizeko 10:00etan hasi ziren gazteluaren inguruko mendi-ibilaldi batekin, eta bertan gertatutakoa oroitarazteko balio izan zuen. Eguerdian izan zen ekitaldi nagusia, monolitoan bertan. 14:00etan herri bazkaria izan zen, eta, ondotik, musika-emanaldia.

Azken bederatzi urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek eta Amaiurko bizilagunek indusketa arkeologikoak egin dituzte. Lur azpian gordeta zeuden aztarnak azaleratu egin dira, Erdi Aroko dorre eta harresiak, XVI. mendearen hasierako baluarteak eta ur biltegia, XVII. mendeko gotorlekuak, etab. Horrez gainera, 2014an Amaiurko gazteluaren sarbide eta plataforma berriak eraiki dituzte, kultur ondare honek merezi zuen estetika zaindu egin da, eta, dagoeneko, eroso eta seguru bisita daiteke.

Larunbat goizeko ekitaldian, erakunde antolatzaileek omenaldia egin zieten lanetan parte hartu duten herritar guztiei, eta, oroigarri gisara, plaka bat eman zitzaien.

Bere hitzartzean, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak zorionak eman zizkien Amaiurko herritarrei eta Aranzadiko boluntarioei, egin duten lan izugarriarengatik. «Elkarlanaren eredua izan da geure herriaren historia berreskuratzeko egitasmo hau», gaineratu zuen.

«Gazteluaren dimentsioak eta ezaugarriak ezezagunak zirela hasi zenituzten indusketa lanak –esan zien Aizpuruak boluntarioei–. Eta urteak aurrera, auzolanean egindako lanari esker, izugarria da hemen egindakoa eta lortutako emaitza». Bere aburuz, «memoria historikoa berreskuratzea ezinbestekoa da» gaur egun zer garen ulertzeko. Eta erran zuen Euskal Herrian badirela geure lehenaren eta orainaren lekuko diren mugarriak, bereziki bi aipatuz, Gernika eta Amaiur: «Sinbolismoz betetako lekuak. Historiaren gordailu dira denak. Eta nabarmendu beharrekoak. Eta lan hori bikain bete duzue».

Aizpuruak gogorarazi zuenez, lehenbiziko urteetan Udalbidek lagundu zion egitasmoari. Eta Udalbiltzako Garapen eta Kohesio Fondoak hartu zuen txanda ekimenari laguntzen segitzeko.

Udalbiltzako lehendakariak Fondoaren bertze ekimen bat aipatu zuen, Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa, emaitza positiboak ematen ari dena. «Egun indarrean dauden politika eta jarduera instituzionalek kolokan jartzen dute Euskal Herriko zona batzuen etorkizuna. Horri aurre egitea da gure eginkizuna. Euskal Herria, herri bizia eta kohesionatua nahi dugulako». Horretarako, tokiko eta mugaz gaindiko politikek berebiziko pisua dutela azpimarratu zuen.

Isaac Rekalde eta Garbiñe Elizegi, Amaiur eta Baztango alkateak, ekitaldian izan ziren. den Amaiur eta Baztango ordezkariek esker oneko hitzak izan zituzten herritarrentzat eta lagundu dituzten erakunde publikoentzat. Egun garrantzitsua dela nabarmendu zuten, egindako lanari esker Amaiurko gaztelua zabalik baita edonorentzat. Elizegik dierazi zuenez, «Euskal Herriko interes guneen ibilbidean kokatuko du Amaiurrek Baztan, eta behar adinako azpiegiturak ditugu bisitariak gurean hartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun