Oinezen aldeko pilota jaialdi arrakastatsua

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 19a, 10:57

Utzitako argazkiak.

Elizondoko Baztan frontoian, Nafarroa Oinezen egitarauaren baitan antolatutako pilota jaialdi arrakastatsua izan zen otsailaren 7an. Txistu doinuak jaialdiko hasiera eta tarteko momentuak ere girotu zituen. Hasteko, Laxoa Elkarteko pilotariek paxaka partida eskaini zuten: gorriz, Gorka Urtasun, Jon Sansiñena eta Juan Mari Maiak osatutako taldea eta urdinez, Iñaki Etxandi, Egoitz Prim eta Joseba Urtasun iruritarrek osatutakoa. Jokaldi ederrak eta borrokatuak izan ziren partidan eta hondarrean, urdinen taldeak irabazi zuen. Ondotik, eskuz binakako partida izan zen. Txaruta pilota eskolako pilotari gaztetxoek, bi aldetara paratuta harrera egin zieten lau pilotariei. Oronoz-Mugairiko Mikel Goñi eta Iñaki Otxandorena pilotariek osaturiko bikoteak, Asier Olaizola goizuetarra eta Iñigo Pascual abarzuzarra izan zituen aurkari. Azkenean, Olaizola I eta Pascual bikoteak 22-21 irabazi zuen, emozioz betetako partidan. Pilotariekin argazkiak egiteko eta aitzinez aitzin haiekin egoteko aukera aprobetxatu zuen jarrai­tzaile batek baino gehiagok. Ekitaldiari akabaila emateko, besta giroak Ordoki erretegian segitu zuen, bertan pilotariekin afari goxo bat partekatzeko aukera izan baitzuen nahi izan zuen guztiak.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun