Lekarozko Campusean Geiser Pharma enpresak plazaratutako berriaren inguruan Udal Gobernuak uste du berri ona dela baztandar guztiendako eta lanean segituko du «ingurugiroa errespetatzen duen garapen integral eta egonkor bat bultzatzearen alde», otsailaren 6an egindako agerraldian jakinarazi zuenez.
2014ko abuztuan Geiser Pharmak eta Sodenak (Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa), Udalari jakinarazi zioten Lekarozko Campus enpresarialean medikamentuak fabrikatzen dituen planta bat jarri nahi zutela.
Planteamendua aztertu ondoren Udal Gobernuak proiektuarekin adostasuna erakutsi zuen herriarentzat jarduera ekonomiko egokia dela ikusten duelakoz eta lanpostu berrien sorrera egonkorra suposatzen duelakoz (30 lanpostu inguru aurreikusten ditu enpresak). Geroztik Udala, enpresa eta Nafarroako Gobernuko enpresa publiko ezberdinekin elkarlanean aritu da, proiektu honi lehentasuna emanez, aitzinera atera ahal izateko. Lan honen guztiaren ondorioz, enpresari hasierako obren baimena eman zaio eta otsailaren bukaera aldean eraikinaren obrekin hastea aurreikusten da.
Akitzeko, Udal Gobernuak aipatu du «espedientea ohikoa baino korapilatsuagoa izan dela Lekarozko Campusa bere garaian Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala bezala tramitatu zuelakoz».
ZAZPI MILIO EUROKO INBERTSIOA
Geiser Pharmak 7 milioi euro inguruko inbertsioa eginen du Lekarozen, 4.000 metro kuadroko lantegia egiteko (bigarren fasean 7.000 metrora zabal daiteke). 2016 urte hondarrerako lantegi berrian lanean hastea eta urtean 15 milioi unitate sendagai ekoiztea espero dute. Lehen fasean Europako merkatura bideratuko litzateke produkzioa, bezeroen %80 bertakoa baitu enpresak eta bigarren fasean, bizpahiru urtetan Estatu Batuetako merkaturako ekoiztuko litzateke.