Baztango EH Bilduren lehen herri-bilgunea egin zuten otsailaren 6an

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 11a, 10:09

Udal hauteskundeei buruzko gogoeta hasi dute

Baztango udal hauteskundeen lanketari buruz otsailaren 6an, ortziral arratsean Baztango EH Bilduk bere lehen herri-bilgunea egin zuen, oinarri sozial guztiari irekitako batzar irekia. Bertan 40 herritar inguru elkartu ziren.

Baztango udal hauteskundeen lanketari buruz otsailaren 6an, ortziral arratsean Baztango EH Bilduk bere lehen herri-bilgunea egin zuen, oinarri sozial guztiari irekitako batzar irekia. Bertan 40 herritar inguru elkartu ziren.

Nafarroarako eskaintza politikoa bideoz aurkeztu ondotik bailarako kontuetan sartu ziren. Joan den azaroa eta abenduan arlokako bilera irekiak egin ondotik eta horietan legealdia baloratu, ortziralean, begirada ondoko udal hauteskundeetan pausatu zuten. Betiere EH Bilduk alkatetza eskuratu zuelarik Baztanek bizi zuen egoera larria oroitarazi zuten: 9 milioi euroko zorra, maileguak eskatzeko ezintasuna, udal idazkaria falta, hiltegia hetsia… Udala baldintza horietan harturik, akatsak akats aitzinerat egin dela azpimarkatu zuten bertze gobernatzeko eredu bat bulkatuz gainera eta horren lekuko: udal batzorde irekiak, udaleko lan-taldeak, Batzar Nagusiko batzordeak eta batez ere herrietan gai desberdinen inguruan egin diren bilera pila.

Hala, jarrera autokritikoa galdu gabe ondoko udal hauteskundeak egin denaren gaineko konfidantzarekin ikusi behar direla aipatu zen. Modu berean, udalak herritarren arazo guztiak ez dituela konpontzen ahal aipatu zuten: hainbat herritarrek bizi duten langabezia, etorkizunari buruzko etsipena… horrela nahiz udal kudeaketa txukuna egin herritarrek bizi duten situazio sozial eta ekonomiko gogorrari buruz kezka beti pizturik kontu behar da eta ez da inoiz asebeterik eta lasai egoten ahal.

Horiek horrela, Baztango udal hauteskundeen lanketarekin jarraikiz otsaila eta martxoan herritarrekin banakako erronda eginen dute, horien helburua legealdia baloratzea eta programako proposamenak biltzea izanen da. Helburu berarekin otsaila akaberan kuarteletan bilera irekiak eginen dira; martxoaren 6an berriz Baztan, Malerreka eta Bortziriak mailako bilgunea, eskualdeko programako puntuak adosteko eta martxoaren 12aren inguruan eman diren pausuen berri emateko Baztango herri-bilgunea berriz elkartuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun