Gai ezberdinetako adituek solasaldiak eskaini dituzte Elizondoko Lanbide Eskolan

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 10a, 08:26

Merkatu eta finantzak eta sustapena eta ekimena izan dituzte hizpide Elizondoko institutuan. Utzitako argazkia

Ikasleek arras ongi baloratu dituzte, «ikasgelatik kanpo dagoen errealitatea gertutaratu digulako»

Elizondo Lanbide Eskolako ikasleak eta irakasleak bigarren ebaluazioan erabat murgilduta daude. Azken aste hauetan, Goi Mailako Finantza eta Enpresen Administrazioko ikasleek eta baita Erdi Mailako Kudeaketa Administratiboko ikasleek ere gai ezberdinetako adituak entzuteko aukera izan dute.

Elizondo Lanbide Eskolako ikasleak eta irakasleak bigarren ebaluazioan erabat murgilduta daude. Azken aste hauetan, Goi Mailako Finantza eta Enpresen Administrazioko ikasleek eta baita Erdi Mailako Kudeaketa Administratiboko ikasleek ere gai ezberdinetako adituak entzuteko aukera izan dute.

Alde batetik, urtarrilaren 20an, Jorge Casado Sorozabal Finantza aditua izan zuten eskolan. Honek merkatu eta finantzei buruzko solasaldi zabala eta interesgarria egin zuen. Burtsa nola funtzionatzen duen azaldu zuen eta inbertsio munduko profesionalek zer produktuak erabiltzen dituzten eta non inbertitzen duten zehaztu zuen. Lurraldeak nola garatzen ari diren aipatu zuen eta Txina hemendik urte gutxira munduko lehendabiziko indarra izanen dela azpimarratu zuen.

Jorge Casado enpresen administrazioan eta zuzendaritzan lizentziaduna da. Karrera bukatu bezain laster NUPen ekonometriako irakasle hasi zen eta gaur egun Banco Madridek duen Banca Privada delako zuzendaria da eta NUPek duen finantza masterreko irakaslea.

Bertzetik, urtarrilaren 30ean, Gorka Lakuntza izan zuten bisitari, eta honek berriz, Enpresen sustapena eta ekimenaren inguruan hainbat ezagupen orokor eta bizipen pertsonal transmititu zizkien ikasleei. Duela hamazazpi urte bere bazkidea den Fernando Iribarrenekin batera, Esquirozeko poligonoan dagoen Atecna gestión documental enpresa sortu zuen. Enpresa hau bere bezeroen dokumentazioa eta artxiboa kudeatzeaz arduratzen da. Gaur egun bere sektoreko liderra da eta 200 enpresa bezero ditu.

Gorkak ikasleei transmititu zien ekintzaileak ez direla enpresak egiten dituzten pertsonak bakarrik. Bizitzako edozein esparrutan arazoak eta erronkak daude eta hauei aurre egitea, baliodun ideiak proposatuz jarrera ekintzailea ere badela ohartarazi zuen. Azpimarratu zuen zein inportantea den jarrera optimista, gauzekiko konpromisoa, aldaketekiko jarrera positiboa, ausardia, akatsengandik ikasteko jarrera eta pazientzia izatea helburuak lortzeko.

Ikasleek arras ongi baloratu zituzten hitzaldiak, ikasgelatik kanpo dagoen errealitatea gerturatu baitzitzaien.

Hauek izan dira azkeneko astetan eskolan eginiko jarduera batzuk beti ere ikasleen formakuntza osatzeko asmoz. Etorkizunean horrelako jarduera gehiago antolatzea da helburua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun