Txarutaren banakakoa jokatu dute lehen aldiz

TTIPI-TTAPA 2015eko otsailaren 5a

Goitian parte hartzaile gehienak irakasleekin. Utzitako argazkia.

Ilbeltzaren 18an jokatu zituzten hiru mailetako finalak Elizondon

Eguberrietan hutsune bat zegoela ikusita buruz buruko pilota txapelketa antolatu du lehen aldiz Txaruta Pilota Elkarteak, taldeko pilotarientzat bakarrik zuzendua. Hiru mailatan aritu dira eta urtarrilaren 18an jokatu zituzten finalak.

Umeen kategorian zazpi pilotari aritu dira eta bakoitzak 12 partida jokatu ditu ligaxkan (bi itzuli egin baitituzte maila honetan, finalerdiak eta finala kontuan hartu gabe. Ilbeltzaren 18ko finalean, Elizondoko Aimar Obre­gozok 18 eta 10 irabazi zion Zigako Oier Prim-i.

Kimuak kategorian hameka pilotarik hartu dute parte eta denek denen aurka jokatu dute, 55 partida denera. Finalean, Nerea Salaburu lekaroztarrak 18 eta 16 irabazi zion Iruritako Arturo Iturralderi.

Haurren kategorian hamar pilotari aritu dira eta denera 38 partida. Finalean, Mikel Ariztia amaiurtarrak 18 eta 13 irabazi zion Ibai Ballarena elizondarrari.

Txaruta pilota elkarteak antolatutako XXV. Udaberriko txapelketa ere berehala hasiko da. Ilbeltzaren 25ean akitu zen izen emateko epea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun