Zahar Etxearendako laguntza eskatu du Batzar Orokorrak

TTIPI-TTAPA 2015eko otsailaren 5a

Uholdeek eragindako kalteengatik 300.000 euroko zuloa gelditu da

Baztango Batzar Orokorrak San Anton egun berexia aukeratu zuen uztailaren 4ko uholdean jasandako kalteak arintzeko abian ja­rri dituzten neurrien be­rri emateko. Jendearen eskakizunei erantzunez, kontu korrente bat zabaldu dute, jendeak aportazio ekonomikoak egin ditzan. «Baztanen jasandako kalteak handiak izanik, baztandar guztiak ukitzen gaituen Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxea izan da kaltetuenetako bat, horregatik biltzen den dirua Zahar Etxeko patronatuko kontuan sartuko da», aipatu dute agerraldian.

Urte erdia pasa bada ere, gauzak argitu arte itxaron nahi izan dute kontuak argitzeko. Baztango Batzar Orokorreko kideek aipatu zutenez, «Zahar Etxean izandako kalteak 464.604,91 eurokoak izan ziren eta asegurutik jasotakoa 165.735 euro izan dira. Beraz, 298.869,91 euroko zuloa gelditu da».

Horregatik, Batzar Orokorretik eskatu dute nahi duen guziari bere aportazioa kontu honetan egin dezala. Bil­dutakoaren berri ematea ere Batzar Orokorraren esku gelditu da eta behar izanez gero, dirua biltzeko ekitaldi ezberdi­nak antolatzeko presta­tzen ere hasiak dira. Uholdearen urtemuga betetzen denean jaialdi edo kontzerturen bat antolatuko dute, baina zehazteko da­go oraindik. Modu berean, Ba­lleko Etxea aseguru etxeekin ere biltzen ari da, aseguruak eguneratzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun