Nafarroako Gobernuak Udalaren euskara plana inpugnatu duela eta, Garbine Elizegi alkatea, Maitane Maritorena zinegotzia, Maren Belastegi UEMAko lehendakaria eta Eneka Maiz UEMAko Zuzendaritza Batzordeko kidea «kezkatuta» agertu ziren urtarrilaren 26an hedabideen aurrean. Beren erranetan «Baztangoa ez da eraso isolatu bat. Euskal Autonomia Erkidegoan Urkijoren eskutik euskararen aurka abiatutako erasoaldia indartzera dator Nafarroako Gobernua». Nafarroako Gobernuak entzungor egiten die udalerri euskaldunen beharrei, eta 1986ko Nafarroako Euskararen Legea bera ere traba bilakatu da euskararen arnasguneek behar duten hizkuntza politika garatzeko.
Udal ordezkariek agerraldian aipatu zutenez, «larria da Nafarroan euskararekin gertatzen dena. Eta benetan kezkatuta gaude. Nafarroako Gobernuak, euskara sustatzeko neurriak ekiditeko egiten ari den ibilbidean urrats berri bat eman du oraingoan. Udala herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko egiten ari den ahalegina desitxuratu nahi dute. Euskaldunon hizkuntza eskubideak sistematikoki zanpatzen dituzten bitartean, errealitate hori ezkutatu eta erdaldun elebakarrak baztertu eta zokoratzen ari garenaren gezurra zabaldu nahi dute».
Euskarari dagokionez, eta Udalaren kontuetan muturra sartu aurretik, Nafarroako Gobernuak baduela aurreragoko zer eginik uste du: «Gogora ekarri nahi dugu, Gobernuak Baztanen eskaintzen dituen zerbitzu ugari gaztelania hutsean eskaintzen dituela. Eta horrela, ez dituela ez errespetatu ezta aintzat hartu ere egiten herritarren hizkuntza eskubideak».
Osasun zerbitzuei dagokionez, 65 herritarrek eskatu zuten mediku-pediatra euskalduna, baina, egoerak bere horretan segitzen du. Nafarroako Gobernuak ez ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzen, eta hori, arras larria da, udal ordezkariek aipatu zutenez. Egoera honetan, Udaletik berretsi nahi dute euskara bultzatzeko hartua duten konpromisoa: «Legegintzaldi honetan, UEMAko kide eginda, pauso ugari eman ditugu udala euskalduntzeko. Baina oraindik ere baditugu hutsuneak, eta hutsune horiek betez, euskarari bidea irekitzen jarraituko dugu».