Baztango Zahar-Etxean Hauteskunde sindikalak egin ziren urtarrilaren 26an eta langileek Lantegi Batzorde berria eta beraz ordezkaritza berria aukeratu dute. LAB izan da bozka gehien lortu dituen sindikatua.
Langileen %85ek hartu du parte hauteskundetan, eta LABen erranetan, «benetan zoriontzeko moduko parte hartzea izan da, datu honek garbi erakusten du Baztango Zahar-Etxeko langileen konpromiso maila altua lantegiko gaiei dagokionez».
LABek bozkatu duten pertsonen bozken %60 lortu du eta aukeratzen ziren 5 ordezkarietatik 4. LABek babes hori eskertu nahi izan du eta «berriz adierazi nahi diogu LAB bozkatu eta ez bozkatu dutenei orain arteko bidetik jarraituko dugula baino noski orain artekoa hobetzeko asmoarekin».
Orain arte bezala langileen parte hartzea bultzatzen segituko duela ere jakinarazi du hauteskundeak irabazi dituen sindikatuak, «ditugun arazoei modu kolektiboan erantzunez orain arte bezala. Hauteskunde emaitzek komitearen lidergoa eramateko erronka luzatu digute eta ez dugu hutsik eginen. Baino hala eta guztiz ere Zahar-Etxeko arazoak bertan diraute eta horiek konpontzea langile guztien konpromisotik etorriko da. Orain arteko bideak erakutsi digu Komiteak bere kabuz bakarrik ez duela arazo guztiak konpontzeko gaitasunik eta denon inplikazioa behar beharrezkoa dela».