Kintoko herrilurretan ez duela borda bat handitzeko baimenik eman dio Udalak

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 22a

Hasierako prozedurak ez duela arau bakar bat bera ere hautsi adierazi du

Baztango Batzar nagusiak ez du Kintoan borda bat handitzeko inolako baimenik eman eta ez ditu horrelako o­bra baimenik ematen. Horrela erantzun dio Udalak egunkari batean agertutakoari.
 
Udalak dioenez, urtarrilaren 2an ikusi zen kasuan eskaera bat tramitatzen ari da eta ez da inolako baimenik gabeko obrarik hasi. «Tramitearen lehendabiziko pausoa, urtarrilaren 2ko Batzar Nagusian onartu zena, lurraren okupazioa da. Hori baino lehen bateragarritasun urbanistikoko txosten bat egin zen, bertze kasuetan egiten den bezala. Kasu hau Kintoko Mankomunitateak kudea­tzen duen lurraren bar­nean dago (Baztango eta Erroko Udalek osa­tzen dutena) eta honek oniritzia eman du». 
 
Bi Udalek beren lur eremuetan baimen urbanistikoak emateko eskumena dute eta kasu hontan Baztani dagokio. Herri lurrean okupatzeko baimena eskuratu ondotik, eta obra baimena eskatu baino lehen, Nafarroako Gobernuak jarduera baimentzeko espreski emandako ebazpena beharko du eskatzaileak, lur ez-urbanizaga­rrian egoteagatik.
 
Udal gobernu taldearen erranetan «UPNk egiten duen konparaketak datu garrantzitsu bat uzten du kanpo, Iruritako kasuak ez zuen, ez Udaleko ezta Nafa­rroako Gobernuko baimenik ere. Horregatik abiatu zen zehapen espedientea, eraikinaren eraispen eta errealitate fisikoaren berritzearekin akitu zena, gaur egungo legeak hala eskatzen du eta. Gainera, UPNk kasu hontan proposatu zuena zen lurra birkalifikatzea egoera ilegal bat legalizatzeko. Hau da, legezko estaldura bat egitea gaur egungo legeak espreski debeka­tzen duen arau hauste urbanistiko batendako. Laburtuz, UPNk Udal Gobernuari prebarika­tzea eska­tzen zion. Kintoko kasu­an berriz, hasitako prozedurak ez du arau bakar bat bera ere hausten».
 
Laburbilduz, UPNren aldetik gobernu honen desakreditazioaren saiakera desesperatu baten aitzinean gaudela uste du udal gobernu taldeak, «UPNk prebarikatzea eta tranpak egitea proposatzen du eta guk gardentasunez gobernatzea posible dela erakusten ari gara eta araudia betez. Urteetan ustelkeria eta klientelismoari esker gobernatu du UPNk eta erregimena erortzen ari dela ikusten duelarik bere bide bakarra denok egiten ditugu tranpak erratea da. Azeriak buztana luze, berak bezala bertzeek ere hala dutela uste!».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun