Lekarozko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren tramitazioak (UGPS) babestu nahi duen hirigintza garapena «pelotazo urbanistiko hutsa» dela salatu du Udal Gobernu Taldeak eta «ez du batere zerikusirik, ez Baztango beharrekin, ez Nafarroa turismo aldetik bultzatzearekin». Ekimen horren egiazko interes bakarra 252 etxebizitza garatzea dela uste du gobernu taldeak, «gehienak luxuzkoak, golf-zelaiari lotuak, eta golf-zelaia aitzakia bertzerik ez da. Kontua da espekulazio hutsezko hirigintza-operazio zaharrak berritzea». Nafarroako Gobernua legearen kontra ari dela ere uste du, hortaz UGPS hori geldiarazteko eta haren tramitazioa ezesteko eskatu diote, gainerakoan, Baztanek indar osoz eginen dio kontra, «bai arlo instituzionalean, bai arlo sozialean, bai arlo judizialean, Baztanen aurkako eraso latza baita hirigintzaren eta ingurumenaren aldetik, bai eta espekulazio hutsezko operazio bat, ez baitu zerikusirik herritarren interes sozialekin».
Ildo honetatik, Aroztegia eta gero zer plataformak deituta ehun bat lagun bildu zituen elkarretaratzea ere egin zen Lekarozen. Aroztegia eta gero zer Plataformak argitara eman zuen oharrean, alarma egoera piztu dela adierazi zuen. Oharrak zioenez, «harrigarria baina egia. Nafarroa Auzitegi Nagusiak Aroztegiko egitasmo urbanistiko-espekulatzailea gelditu ondotik, enpresa bulkatzaileak Udalez Gaindiko Plan Sektoriala erabiliz betiko proiektua Nafarroako Gobernuarekin zuzenean tramitatuz egin nahi du, horrela Lekarozko herria eta Baztango Udala eta Batzar Nagusia bazter batean utziz. A ze demokrazia!».