Literatur haizea indarrez dabil

Eneritz IRAOLA 2015ko urt. 22a, 12:22

Baztanen Euskal Nobela Beltzaren astea ari dira ­egiten estreinakoz ilbeltzaren 20tik 25era

Eskualdeko idazleen lanak eta literatur ekitaldiak askoren esku, begi eta ahotan dabiltza azken aldian. Mikel Rodrigez lesakarrak, Izaskun Zubialde zubietarrak eta Elurre Iriarte arizkundarrak karrikaratu dituzten liburuak dituzte hizketagai. Baita Baztango Irakurle taldeak antolatutako proposamen berexia ere. TTIPI TTAPA guztiekin bildu da ilbeltzako literatur uzta jasotzeko asmotan.
 
Beltzez jantzita dago Baztan, botereak dituzten gizakien istorioak otu zaizkio Mikel Rodrigrezi, Mari eta hamaika per­tsonaia mitologikoren bisita izan du Izaskun Zubialdek eta Elurre Iriarte kirika aritu da hontaz eta hartaz... badute literatur zaleek non aukeratua.
 
Haizea indartu ohi den moduan, erdi ustekabean gauzatu diren ideiak izan direla aipatu digute guztiek. Baztango Irakurle  taldekoek euren solasaldietan euskal nobela beltzaz solasean­ hasi eta tira eta tira, literaturaz konpainian gozatzeko egitarau mardula osa­tzera iritsi dira.  Idazleek ere ez zuten euren burua idazletzat. Irentsi dituen ehunka istorioren bere bertsioa osatu nahiak bultzatuta osatu zuen istorioa batek, hau­rrentzako irakurgaietan sumatu zuten hu­tsunea ikusita abian jarri zuen proiektua bigarrenak  eta batean eta bestean errandakoak karanbolaz liburu batean bilduta ikusi ditu hirugarrenak.
 
EUSKAL NOBELA BELTZAREN INGURUAN BADA NON GOZATU
 
BAZTANGO IRAKURLE TALDEA |  BAZTAN
«Euskal literaturak duen aukera anitza erakutsi eta nobela beltzari buruz gogoeta egitea da asmoa »
 
Nondik sortu zitzaizuen ekimen hau antolatzeko ideia?
Idazleekin solasean ekimenean parte hartzen dugun batzuen artean sortu zen ideia.  Irailean biltzen hasi ginen eta genero horri buruz genekiena konpartitzen eta aldi berean interesa haunditzen. Hasmentan ez genekien egun bateko afera izanen zen, asteburu bat... azkenean bortz eguneko astea osatu dugu eta holaxen sortu zen ekimena. 
 
Zein helbururekin antolatu duzue?
Helburu bat da jendeari erakustea euskal literaturak aukera ­anitza duela. Horren barnean nobela beltzak baduela bere tokia eta badela aspalditik genero hortako euskal literatura. Hortan ari ginela ohartu ginen baztandarra den Mariano Izetak bere lehendabiziko nobela genero hontakoa idatzi zuela. Eta ohartu gara ere aspalditik agertzen dela Baztan zenbait nobeletan. Beraz,​holako ekimena antolatu dugu, guzi hori agertzearekin batera, generoari buruzko hausnarketa egiteko balio dezan.
 
Piztu du interesa?
Baietz iruditzen zaigu. Egia da irakurlea, euskalduna eta nobela beltza-zalea izatea arras mugatua ematen duela, baina antolatu dugun moduan iruditzen zaigu zehatza bezain irekia dela. Dauden ekimenetan edozeinek gozatzen ahal du eta sarean eta in­guruan somatzen dugunez, jendeak interesa erakutsi du.
 
Zergatik genero zehatz hau?
Eta zergatik ez? Literatura genero honek badu bere ibilbidea eta ohartu gara arras interesgarria dela. Baliogarria izan da (eta da) gizartearen egoerak islatzeko, kritika soziala egiteko eta dudarik gabe literaturaz aritzeko. Ohartu gara euskal nobela beltzak baduela publiko fidel bat eta interesgarria irudi­tzen zaigu bertze irakurzale eta idazleekin batera guzti honi buruz hausnartzea, ­solastea..
Euskaraz nobela beltzak izan du iraganik, badu orainik eta etorkizunik?
Iragana hurbila bada ere, badu, dudarik ez eta garapen bat izan du. Etorkizuna izanen duela ez dugu dudarik egiten. Ikusgarria izanen da idatzi eta itzuli diren ­nobela beltzekin antolatu dugun erakusleihoa. Egin denarekin eta egiten ari ­denarekin argi ikusten da aitzin eginen duela.
 
EGITARAUA
 
Ilbeltzak 21
Idazleekin solasean Eneko Aizpuruarekin Herensuge gorriaren urtea liburuari buruz. Anizko elkartean 19:00etan. 
 
Ilbeltzak 22
Mariano Izetaren Dirua Galgarri liburaren berrargitarapenaren aurkezpena Arizkunenean 19:00etan. Ondotik  Mariano Izeta: Euskal nobela bel­tzaren abiapuntu solasaldia Jon Abrilekin.
 
Ilbeltzak 23
Baztango kontu beltzak, Gaztetxean 20:00etan.
 
Ilbeltzak 24
Arizkunenean 11:00etan  Mahai in­gurua: I. Borda, J. Alonso eta M. A. Elustondorekin Beltzetik Beltzera nobelaz eta euskal nobela beltzaren erakusleihoa. Bazkaria Eskisaroi jatetxea eta kafe aurkezpenak: Igerabide eta Joseviskyren azken lanak.  20:00 susmagarrien gaua Jauregiartean.
 
Ilbeltzak 25
Kronika Beltz baten ibilaldia Amaiurko plazatik abiatuta 11:00etan eta 13:00etan Bertso Trama.
 
AZKEN HILABETEETAN LIBURUA KALERATU DUTEN ESKUALDEKO IDAZLEEKIN SOLASEAN
 
Mikel RODRIGEZ |  LESAKA
«Haurra nintzenetik ­zurrupatu dudan guztia atera dut liburuan, horregatik fikzioa behar zuen izan»
 
Bi urte pasatxo eman ditu Mikel Rodrigezek bere lehen eleberria idazten. Metodologia eta diziplina zorrotzik gabe «istorioa hasi eta bukatzea»  helburutzat hartuta. Bukatutakoan Fernando Murillo idazleari bidali zion osatutakoa eta Garmin argitaletxeak eman dio liburua argitaratzeko aukera. Fantasiazko anime eta komiki zalea da betidatik, «bereziki botere bereziak dituzten gizakiei buruzko istorioen zalea» azpimarratu digu. Garbi zuen egunen batean zerbait idazten bazuen genero horri lotua izanen zela «ezinezkoa» baitzaio «fantasiarik ez duen zerbait idaztea». Komiki, liburu eta filmetatik jasotzen zituen istorioak «aunitzen gustatzen zitzaizkidan eta nik ere nire bertsioa osatu nahi nuen» azaldu digu. Berez, nobela grafiko bat osatzeko gaitasuna izatea gustatuko litzaiokela aitortu digu «baina marrazteko gaitasunik ez dut eta idaztea eskura nuenez, buruan sortzen nituen irudiak hitzez jarri ditut». Akzioz beteriko istorioa osatu du eta indar handiko per­tsonaiak baliatu ditu horretarako. «Istorioa bera baino lehen, pertsonaiak jaio ziren. Hagitz karakterizatuak izatea nahi nuen, identifikagarriak izatea, izaera, pen­tsaera zehatz bat argi adieraziko zutenak. Abiapuntu hori hartu eta marko bat osatzen joan nintzen». Berak idatzitako istorioa bitan zatitu dute eta karriketan orain lehen zatia dago, laster helduko da bigarrena. Ara­tzen istorioak segidarik izanen duen galdetuta «be­rez aukera ema­ten du. Idaz­teko baldintzak aldatu eginen lirateke ordea. Atea ez dut itxia baina ikusiko da zer dato­rren».
 
Izaskun ZUBIALDE |  ZUBIETA
«Gure ondare kulturala bizirik mantendu eta mitologiarekin lotutako ipuinak eskura jarri nahi genituen»
 
Euskal mitologia. Haurrentzat ipuinak bildu­ma kaleratu dute Izaskun Zubialde zubietarrak, Bakarne Atxukarro irundarrak eta  Asun Egurza barañaindarrak. Hiru egileak amak dira eta euren haurrei irakurtzen zizkieten ipuinen artean mitologiarekin loturikorik ez zegoela konturatu zirenean «elkartu eta proiektua aurrera atera­tzea erabaki genuen, gure ondare kulturala bizirik manten­tzeko helburuarekin». Hamar ipuinek osa­tzen dute bilduma «euskal mitologiako per­tsonaia desberdinak eta gure arbasoek naturan gertatzen ziren gauzen zergatia nola ulertzen zuten adierazten dutenak ere bai, irakaspen batekin». Bildu­ma honetan  Ilustrazioek ere garran­tzia handia du te «haurrek manipulazioa dute gustuko, ipuinean aurrera eta atzera ibiltzea, marrazkiak ikusi eta beraien irudimena lanean jartzea. Horretarako ma­rrazketa bisualki oso erakargarria sortu behar da».  Abenduan 3 egunez dohainik ja­rri zuten eskuragarri Amazon atarian eta 13.000 deskarga izan zituzten «inguruko herrietakoak baina baita Txile eta Argentinatik ere». Orain paperean eta Amazonen dago salgai eta sare sozialetan ere presentzia handia dute. Hizkuntza ez dute muga izatea nahi eta liburua euskara eta gazteleraz kaleratu eta frantsesez ere prest dute «garrantzi­tsuena belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigun ondare kulturala trasmititzea baita». Helburua bete dutela diote «gure haurrak ipuinak entzuterakoan disfrutatzen ikusi, pertsonaia mitologikoak ezagutzera eman eta munduko hamar mila haurrek baina gehiagok gure ipuinez gozatu ahal izatea lortu dugu». 
 
Elurre IRIARTE |  ARIZKUN
«Gai anitzei buruzko iritzia, bizipen anitzei buruzko sentipena... testu-merkatu bat da liburua»
 
Xorroxin irratitik Di-Da tartean parte hartze­ko gonbidapena onartzea izan zen Kirika FM. Bizi dugun munduei begira liburuaren abiapuntua. Berea ez dela idazteko afizioa argi utzi digu hasieratik «nirea gehiago da in­gurua kirikatzeko-kritikatzeko afizioa eta solastekoa». Ustekabean iritsi zitzaion liburua osatzeko proposamena «irrati tarte ho­rretan errandakoak interesgarriak iruditu zitzaizkien Metaziri aldizkari kolektiboko kideei eta gonbidapena egin zidaten liburu batean biltzeko». Liburuak eskuratzen duenak hortaz «ahoz errateko idatziak izan diren testuak, motxak, irakurtzeko erraxak direnak eta ahal den neurrian, kritika eta baikortasuna elkartzen dituenak» topatuko ditu. Gai anitzei buruzko iritziak dira, baina normalean hurbilekora joz «zerbaitek nire begirada biltzen du eta kolpe hortan izaten dudan sentsazioa kontatzen dut. Elurreren begiradak «kritikatzeko joera» duela erran digu, «radarra beti piztua, baina maiz proposamen batekin, hobetzeko aukera badela sinesten dudalakoz». Ikuspegi baikor hori gailentzen da liburuan, «Dena ezko­rrean ikusten badugu, alde ona edo alde betea ikusi gabe, galduak gara. Hori bai, alde hutsa­ ere ikusi behar da, bertzenaz ­errealitatearen alderdi bat galtzen dugu eta hori ez da modua». Ber­tze zerbait argitaratuko ote duen galdetuta hauxe erantzuna «bai to! Ez dut uste.  Duela bi urte galdera hau egin eta gauza bera erantzunen nuke, beraz bertze karanbola bat suertatzen bada orduan ikusiko! Nire baitako mundu guztiak bizita, laguna, maitale, ama, ahizpa, herritarra… izanda, ez dut astirik».  
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun