Baztango udalaren euskara plana salatu du Nafarroako Gobernuak

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 20a

Udalean euskara irizpideak jartzea legez kanpokoa dela uste du

Baztango Udalak 2014ko abuztuaren 28ko Osoko Bilkuran Baztango Udaleko euskararen normalizaziorako plana onartu zuen. Azaroaren horren inguruko informazioa eskatu zien Nafarroako Gobernuak eta ilbeltzaren 16an plan hori inpugnatu duela dioen txostena igorri zuten Iruñetik Udaletxerat.

Baztango Udalak 2014ko abuztuaren 28ko Osoko Bilkuran Baztango Udaleko euskararen normalizaziorako plana onartu zuen. Azaroaren horren inguruko informazioa eskatu zien Nafarroako Gobernuak eta ilbeltzaren 16an plan hori inpugnatu duela dioen txostena igorri zuten Iruñetik Udaletxerat.

Toki Administrazioko kontseilari Jose Javier Esparzaren agindu bat iritsi zaie orain; planari helegitea ezartzeko agindua da. Irmoa da gobernuaren agiria. Batetik, iruzur egitea egotzi dio udalari: «Udalean euskararen erabilera arautzeko erregulazioa da, normalizazio plan gisa mozorrotua». Bertzetik, legeak ez betetzea: «Kontraesana da planak esparru juridikoa aipatzea oinarri gisa eta gero sistematikoki urratzea». Planak dio legea beteko duela eta herritar guztien eskubideak bermatuko dituela, baina gobernuak uste du «lege babesa emateko formula» soilik dela hori.

Euskara lehenesteko zenbait neurri ageri dira planean: webgunea irekitzean euskarazko bertsioa agertzea lehenik, herritarrekiko harremanetan lehen hitza euskaraz egitea udaleko langileek eta seinaleetan euskara erabiltzea, adibidez. Hori «gaztelania bazterrean uztea» dela dio gobernuak.

Zerbitzuak euskaraz ematea bermatzeko, kontratuetan hizkuntz irizpideak jarriko dituzte. Gobernuak ez du auzitan jarri horren legezkotasuna. Administrazio Auzitegiaren ebazpen bat aipatu du: «Administrazio publikoen hizkuntz betekizunak ez dira ahultzen era batera edo bestera kudeatzeagatik». Gobernuak dio herritarren zerbitzuetan jar litezkeela irizpideak; udalaren jardunerako kontratuetan, ez.

Hain zuzen, udalaren barneko neurriekin bereziki kritiko da gobernua. Idatzizko erlazioan, euskara bultzatuko dute: herritarrei euskaraz egingo diete, erdaldunen eskubideak errespetatuz betiere; euskara ofizial den eremuko erakundeei euskaraz egiteko eskatuko die. «Ele bitan egin behar dute, interesdunek bat erabiltzeko eskatu ezean», erantzun du gobernuak.

Gomendiorik ere ez du onartu: hautagai euskaldunak aurkezteko «konpromisoa» hartzea proposatzen die planak alderdiei. Ez du nahi UPNk: «Konstituzioa urratzen du, kargu publikoak edukitzeko eskubideari dagokionez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun