Ilbeltzaren 18an, Atx Teatroa taldearen Emeen sotoa eta arren ganbara helduentzako antzezlana ikusgai izanen da Iruritako Gizarte Bilgunean, igande arratsaldeko 7etan hasita. Baztango Kultura Batzodeak antolatu du emanaldia.
Ganbaran arrak bizi dira, arrendako arrek sortutako munduan. Sotoan berriz emea, zoritxarreko egun batean sortutako “akatsa”. Goitian jaun eta jabe. Beheitian kateak eta iraultza. Bi gelak inkomunikatuta daude, ez dago nahasterik. Nola etorriko da orduan, aldaketa ekarriko duen oinordekorik. Gezurrekin eta muturreko matxismoan hezitako seme gizajoak iraultzarako aukera bakarra itoko du nahigabe. Guztiak teatroaren tranpan eroriko dira. Botereak agerian utziko ditu bere biziraupenerako mekanismoak zeintzuk diren.