Uholdeek kaltetutako azpiegituren konponketak ez dituzte akitu

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 8a

Nafarroako Gobernuko eta udaleko ordezkariak, Elbeteko errotako zubian. Nafarroako Gobernua

Emergentziako lanak bakarrik egin dira eta oraindik ez da Gobernuaren laguntzarik ailegatu

Uztaileko uholdeek kaltetutako Baztango azpiegituren konponketak akitu dituztela aipatu dute Nafarroako Gobernutik, baina Garbiñe Elizegi alkateak adierazitakoaren arabera, «ba­karrik emer­gen­tzi­az­ko lanak akitu dituzte eta Gobernuak hitz eman­­da­ko 990.478 euroko dirulaguntza ez da oraino (abenduaren 18an) Udalera ailegatu».
 
Diru hau hitzemana dela eta ailegatuko dela uste du alkateak, baina 800.000 euro inguruko aurrekontua duten bertze lanak egin gabe daude eta horren finan­tziazioa zailagoa ikusten du. Gainera gogoratu du Nafarroako Gobernuak emergentzia lanetarako emandakoa lanen %70 bertzerik ez dutela estaltzen eta gainerako %30a, 400.000 euro inguru, Udalak ordaindu beharko duela.
 
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari José Javier Esparzak jarduera horiek bisitatu zituen abenduaren 16an, alkatearekin batera. Obrek 1.419.998 euroko aurrekontua zuten eta kopuru horretatik Nafarroako Gobernuak 990.478 euroko diru-laguntza emanen du.
 
Lanak harri-lubeten hormetan egin dira, arekak sendotu, garbitu eta eraikitzen eta fabrikako obrak berrezartzen, honako leku hauetan: La­rretakoborda, Dorretxipikoborda, Kastonekoborda, Malkoa zubia, Aritzakun-Urritzate, Apate zubia, Mapitxenborda, Elizondo-Elbete zubia, Arraiozko zubia, Maxaborroborda, Ze­laie­takoborda, Bear­tzun, Gamiokoborda, Gorramendi-Estebenekoborda, Anitz zubia eta Lekueder zubia.
 
ELBETEKO ZUBIA
Astearte goizean bisitatutako lanetako bat Elbeteko errotako zubia da. Uholdeek kalte handiak eragin zizkion, eta berriz eraikitzeko ibilgua desbideratu behar izan zen atagiak jarriz. Ezkerreko eta erdialdeko begietako gangetako harlangaitz-horma ere eraitsi da, hormigoi armatuko zola eta pe­trilak barne.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun