Herrietako alkateak aukeratu dituzte

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 8a

Zortzi herritan lehengoak segitzen du, sei alkate berri izendatu dituzte eta Oronozen alkate gabe gelditu dira

Baztango herrietako alkate izateko hauteskundeak egin zituzten abenduaren 21ean eta espero bezala, ez zen jendetza handirik bildu batzarretara aukeraketa egiteko. Herri bakar batean ere ez zen hauteskundeen beharrik izan, hautagai bakarra aurkeztu zelako. Oronozen, ezta hori ere, hu­tsean gelditu baitzen kargua.
 
Hamabortz herrietatik seitan alkate berria izanen dute: Anizen Mikel Azkarate izanen da, Arizkunen Esteban Zaldain, Elbeten Kiko Jaen, Erratzun Koldo Uribetxeberria, Gartzainen Fernando Dani Arraztoa eta Lekarozen Miren Meoki (emakume bakarra).
 
Bertze bi urterako alkate izaten segituko dute Almandozko Luis Roldanek (14 urte eginen ditu alkatetzan legealdia akitzerakoan), Amaiur­ko Isaak Rekaldek, Arraiozko Sotero Etxandik, Azpilkuetako Matias Arriadak, Be­rroetako Kiko Gartxitorenak, Elizondoko Mikel Sobrinok, Iruritako Pello Obregozok (hamar urte beteko ditu karguan) eta Zigako Miguel Mendiburuk.
 
Oronozen, orai arte alkate izan den Pablo Santervásek kargua uzteko borondatea agertu zuen lan aferak medio, baina ez zen ordezko inor agertu. Beraz, alkatea aukeratzeko bertze batzarre bat egitekoa zuten hilaren 4ean.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun