Amaiurko herriak, Baztango Udalak, Udalbiltzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiurko gazteluaren sarbide eta plataforma berriak eraiki dituzte 2014. urtean, kultur ondare honek merezi zuen estetika zaindu egin da, eta, dagoeneko, eroso eta seguru bisita daiteke. Abenduaren 13an egin zuten agerraldian, erakundeek akitutzat eman dituzte lan horiek, eta iragarri dute martxoaren 7an ekitaldi-jaialdi bat eginen dutela bertan, Harritik herrira izenekoa, gaztelua guztion eskura dagoela ospatzeko.
Isaac Rekalde Amaiurko alkateak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirrek azaldu zutenez, Amaiurko gaztelua Nafarroako mugarri historiko garrantzitsuenetakoa da, eta belaunaldiz belaunaldi Erresumaren defentsan gazteluan izandako borroka eta erresistentzia goraipatuak izan dira. Amaiurko herriak bultzatuta, azken 9 urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek eta Amaiurko bizilagunek indusketa arkeologikoak egin dituzte. Lur azpian gordeta zeuden aztarnak azaleratu egin dira, Erdi Aroko dorre eta harresiak, XVI. mendearen hasierako baluarteak eta ur biltegia, XVII. mendeko gotorlekuak…
PASABIDE DOTOREA
Jatorrizko harresien gainetik altzairuzko eta zurezko egitura bat eraiki da, gazteluaren egituretatik aise bereizten dena. Eraikin berri hau ez da betirako jarri, hau da, edozein momentutan ken daiteke eta gazteluaren izaera osoa mantentzen da.
Lan guztiak auzolanez gauzatu dira, monolitoa eraikitzeko aurreko belaunaldiek egin zuten moduan. Ekimen honetan Aranzadiko 38 kidek eta Amaiurko bertze 35 bizilagunek hartu dute parte udaran eta udazkenean, bakoitzak ahal zuen neurrian. Ondare hau Baztango kultur eta turismo baliabideentzako erreferente bihurtuko da. Hori da martxoaren 7an ospatuko dutena Harritik herrira ekitaldi-jaialdiarekin, eta euskal herritar guztiak gonbidatu dituzte egun horretan gaztelura joatera.