Kintoko herrilurretan ez duela borda bat handitzeko baimenik eman dio Baztango Udalak

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 9a

Hasierako prozedurak ez duela arau bakar bat bera ere hautsi adierazi du

Baztango Batzar nagusiak ez du Kintoan borda bat handitzeko inolako baimenik eman eta ez ditu horrelako obra baimenik ematen. Horrela erantzun dio Udalak aste honetan egunkari batean agertutakoari.

Baztango Batzar nagusiak ez du Kintoan borda bat handitzeko inolako baimenik eman eta ez ditu horrelako obra baimenik ematen. Horrela erantzun dio Udalak aste honetan egunkari batean agertutakoari.

Baztango Udalak dioenez, urtarrilaren 2an ikusi zen kasuan eskaera bat tramitatzen ari da eta ez da inolako baimenik gabeko obrarik hasi. «Tramitearen lehendabiziko pausoa, urtarrilaren 2ko Batzar Nagusian onartu zena, lurraren okupazioa da. Hori baino lehen bateragarritasun urbanistikoko txosten bat egin zen, bertze kasuetan egiten den bezala. Kasu hau Kintoko Mankomunitateak kudeatzen duen lurraren barnean dago (Baztango eta Erroko Udalek osatzen dutena) eta honek oniritzia eman du».

Bi Udalek beren lur eremuetan baimen urbanistikoak emateko eskumena dute eta kasu hontan Baztani dagokio. Herri lurrean okupatzeko baimena eskuratu ondotik, eta obra baimena eskatu baino lehen, Nafarroako Gobernuak jarduera baimentzeko espreski emandako ebazpena beharko du eskatzaileak, lur ez-urbanizagarrian egoteagatik.

Baztango udal gobernu taldearen erranetan «UPNk egiten duen konparaketak datu garrantzitsu bat uzten du kanpo, Iruritako kasuak ez zuen, ez Udaleko ezta Nafarroako Gobernuko baimenik ere. Horregatik abiatu zen zehapen espedientea, eraikinaren eraispen eta errealitate fisikoaren berritzearekin akitu zena, gaur egungo legeak hala eskatzen du eta. Gainera, UPNk kasu hontan proposatu zuena zen lurra berkalifikatzea egoera ilegal bat legalizatzeko. Hau da, legezko estaldura bat egitea gaur egungo legeak espreski debekatzen duen arau hauste urbanistiko batendako. Laburtuz, UPNk Udal Gobernuari prebarikatzea eskatzen zion. Kintoko kasuan berriz, hasitako prozedurak ez du arau bakar bat bera ere hausten».

Laburbilduz, UPNren aldetik gobernu honen desakreditazioaren saiakera desesperatu baten aitzinean gaudela uste du udal gobernu taldeak, «UPNk prebarikatzea eta tranpak egitea proposatzen du arauak hausten dituztenendako, gobernu honek kontrakoa egin nahi duelarik. Gardentasunez gobernatzea posible dela erakusten ari gara eta araudia betez. Urteetan ustelkeria eta klientelismoari esker gobernatu du UPNk eta erregimena erortzen ari dela ikusten duelarik bere bide bakarra 'denok egiten ditugu tranpak' erratea da. Azeriak buztana luze, berak bezala bertzeek ere hala dutela uste!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun