Joan den uztaileko uholdeek kaltetutako Baztango azpiegituren konponketak akitu dituztela aipatu dute Nafarroako Gobernutik, baina Garbiñe Elizegi alkateak adierazitakoaren arabera, «bakarrik emergentziazko lanak akitu dituzte eta Nafarroako Gobernuak hitz emandako 990.478 euroko dirulaguntza ez da oraindik (abenduaren 18an) Baztango Udalera ailegatu».
Diru hau hitzemana dela eta ailegatuko dela uste du alkateak, baina bertze 800.000 euro inguruko aurrekontua duten bertze lanak egin gabe daude eta horren finantziazioa zailagoa ikusten du Elizegik. Gainera gogoratu du Nafarroako Gobernuak emergentzia lanetarako emandako 990.478 euroak lanen %70 bertzerik ez dutela estaltzen eta gainerako %30a, 400.000 euro inguru, Baztango Udalak ordaindu beharko duela.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari José Javier Esparzak jarduera horiek bisitatu zituen abenduaren 16an, Garbiñe Elizegi Baztango alkatearekin eta Toki Administrazioko zuzendari-gerente Francisco Perezekin batera. Obrek 1.419.998 euroko aurrekontua behar izan dute guztira, eta kopuru horretatik Nafarroako Gobernuak 990.478 euroko diru-laguntza eman du Toki Azpiegitura Planen eskutik (larrialdi-prozeduran sartu ziren).
Lanak harri-lubeten hormetan egin dira, arekak sendotu, garbitu eta eraikitzen eta fabrikako obrak berrezartzen, honako leku hauetan: Larretakoborda, Dorretxipikoborda, Kastonekoborda, Malkoa zubia, Aritzakun-Urritzate, Apate zubia, Mapitxenborda, Elizondo-Elbete zubia, Arraiozko zubia, Maxaborroborda, Zelaietakoborda, Beartzun, Gamiokoborda, Gorramendi-Estebenekoborda, Anitz zubia eta Lekueder zubia.
Elbeteko errotako zubia
Astearte goizean bisitatutako lanetako bat Elbeteko errotako zubia da. Uholdeek kalte handiak eragin zizkion, eta berriz eraikitzeko ibilgua desbideratu behar izan zen atagiak jarriz. Ezkerreko eta erdialdeko begietako gangetako harlangaitz-horma ere eraitsi da, hormigoi armatuko zola eta pretilak barne.