Badakizu zer den tratu txar psikologikoa? Galdera honi erantzunez, Nafarroako Gobernuak sustatutako entzuketa gune ibiltaria Baztanera iritsiko da heldu den abenduaren 18an. Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunaren harira antolatutako ekitaldien artean, pasa den azaroaren 17an "Indarkeria mota asko dago" sentsibilizazio kanpaina abiatu zen eta Nafarroako zenbait udalerritan izan ondoren, entzuketa gune ibiltariak Lekarozeko institutuan izanen du akabera, ortzegunean 11:00etatik 14:00etara.
Kanpaina honen helburua Indarkeria psikologikoa zer den antzematea da. Horretarako jendartean «normaltzat» ikusi eta entzuten diren portaera eta jarrerak antzeman ahal izango dira entzuketa gune ibiltari honetan. Ekintza honekin, bukatuko da beraz, Baztango Udalako Berdintasun Batzordeak antolatu eta sustatutako programazio arrakastatsua.