Gure ondarea babesten!! lelopean ehun pertsona inguru bildu ziren gan den azaroaren 28an Herriko Etxearen aurrean. Gehienak urdazubiarrak, baina zenbait zugarramurdiar eta baztandarren bat edo bertze ere hurbildu ziren Nafarroako ondarearen defentsan deituriko mobilizaziora.
19:30etik 20:00etara egin zuten elkarretaratzea, ondoren bildutako zenbaitzuk Herriko Etxean sartzea erabaki zuten, SOS Alkerdi Plataformak aurkeztutako mozioaren berri izateko. Andres Diharassarrik eta Peio Etxeberriak sinatu arren, alkateak ez zuen gai ordenean sartu nahi izan, nahiz eta mozioak behar diren baldintzekin aurkezteko zinegotzien laurdenak sinatzearekin nahikoa den.
Andres Diharassarrik mozioa gai ordenean ez sartu izanaren arrazoiak galdegin zituen eta Toki Erakundeen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoaren Araudiko 91.4 artikulua aipatu zuen, premiazko gaiak batzarrean eztabaidatu daitezen ahalbidetzen duela aldarrikatuz, zinegotzien gehiengoak hala erabakitzen badu.
Alkateak ez zuen sartu nahi izan, bere iritziz mozioan eskatzen den guztia egiten ari baita azaroan eman dituen lau ebazpenekin. Ebazpenen izenburuak irakurri zituen bertaratu ziren herritarren aurrean eta bere iritziz, eta bere hitzetan «mozioan eskatzen dena oso ondo dago, baina egina dago eta nahi baduzu bi aldiz onartu dezakegu, baina onartu da».
SALAKETA
Batzarra akitzear zegoelarik, Urtxume taldeko bozeramaileak galde erantzunen tartean Azkar taldekoei azken galdera bat luzatu zien: «egia al da bai zu eta bai zure taldeko zinegotziak ustezko delitu urbanistikoengatik inputatuak izan zaretela berriro auzitara eramanak izan zaretelako?».
Santiago Villaresek ukatu zuen inputatua izana, baina onartu zuen auzitara eramanak izan direla Azkar taldeko lau zinegotziak eta abenduaren 11an Iruñean deklaratu beharko dutela.
Segidan alkateak herritarrei hitza eman zien eta bertaratutakoen artetik demanda jarri dutenen ordezkariak hartu zuen hitza. Bere erranetan, demanda ez da zibila, penala baizik, eta horregatik «bai, inputatuak zaudete». Tentsio uneak bizitu ziren Herriko Etxean, izan ere, aurreko demanda batean bere defentsarako diru publikoa erabili izana egotzi baitzion alkateari: «espero dut ez duzula aurrekoan egin zenuena egingo, hau da, gai pertsonala den demanda baten kostuak Herriko Etxearen kontura ordaindu. Izan ere, aurrekoan 4.000 euro ordaindu zizkizun Udalak».