Hazitik hozie tokiko garapenerako taldeak antolaturik XXI. mendeko nekazaritza Baztanen gaiari buruz mahai-ingurua egin zen azaroaren 29an Elizondon. Julen Arburua Lekarozko Kortariko bordako nekazaria eta gasnagilea, Aitor Azkarate Anizko Jauregia esnekietakoa eta Ana Iriarte Arizkungo Baztango Xurie proiektuko bulkatzaileak, beren esperientziaz eta ezagutzaz baliaturik, moderatzaileak emandako hainbat konturi buruz aritu ziren: sektoreko belaunaldi ordezkapena eta lan-baldintzak, formazioa, herri-lurren egoera eta erabilpena, nekazaritza azpiegiturak, sor-markak, lehengaian eraldaketa eta komertzializazioa, kontsumitzaileen papera eta nekazaritzak gainerako sektore produktiboekin duen edo eduki beharko lukeen harremana eta bertze zenbait gai. Ondotik, hurbildutakoekin eztabaida irekia egin zen eta entzuleek beren gogoetak, galderak eta kezkak plazaratu zituzten. Garbi gelditu zena, nekazal eredu bat agortu dela eta sektorea berritu eta indartzekotan denbora luzeko ikuspegiarekin lan egin behar dela. Horretako modu antolatu eta ordenatu batean lan egin eta eragitea beharrezkoa da. Bertzalde, abenduaren 16rako Hazitik Hoziek Baztango egitura ekonomiko-produktiboari buruz eta landa eremuetan erabiltzen ari diren estrategiei buruz mintzaldia antolatu du. Izaskun Abril Cederna-Garalurreko teknikaria izanen da hizlaria 19:00etatik 21:00etarat Elizondoko Arizkunenean.