Oinez desfilea eta aurkezpena

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 11

Seigarren mailako ikasleek hamabortz oin kontu zituzten, leloa irudikatuz. Utzitako argazkia

Ehunka lagun bildu ziren azaroaren 29an Elizondoko Lur aretoan antolaturiko 2015eko Nafarroa Oinezaren eskual­de mailako aurkezpen ekitaldira.

Baztan Ikastolako zuzendari Iosune Ortegak eta lehendakari Elena Zabaletak hitza hartu zuten. Ikastolaren historiaren metafora gisara, ipuin eder bat kontatu zuen Ikastolako zuzendari eta Haur Hez­kuntzako andereño denak. Ikastolaren historia, ipuinean, zuhaitz baten landaketa, sortze eta haztearekin irudikatua zuen.

Ondotik, 33 urte eta gero heldu den urtean Baztanen eginen den bigarren Nafarroa Oinezaren helburuak azaldu zituen Ikastolako lehendakariak.

2015eko Nafarroa Oinezaren logoa eta leloa aurkezten dituen bideoa ere erakutsi zuten. Hautatutako leloa, Hamabortz, ama bat da eta ikurra, hamabortz puntuez koloreztaturiko oin bat. Leloa nahiz logoa gauzatzeko prozesua ikusi ahal izan zen bideoan.

Ekitaldiaren azken zatian, ehundik gora ikaslek, guratsok, ama­txik, ikasle ohik eta kirolarik parte hartu zuten Oinezeko arropa eta osagarrien desfile koloretsuan. Batzuk desfilatzen eta bertzeak koreografia ederrak erakusten… Bakoitzak ederki gauzatu zuen bere zeregina.

Desfilea akitzeko, 6. mailako ikasleek, hama­bortz oin kontu zituzten ibilgunearen erdian, leloa irudikatuz. Akabaila berezia eta zirraraga­r­ria izan zuen desfileak, tirolina batetik jautsiz aita bat eta bere alaba agertu baitziren logoa eskuetan.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun