Amaiurko Gazteluko pasabidearen bizker besta eginen dute

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 11

Heldu den urteko martxorako antolatu duten ekitaldia ere aurkeztuko dute larunbatean

Azkeneko zortzi urteetan gazteluaren historia lur azpitik ateratzen ibilki da Amaiurko herria, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, Baztango udala nahiz Udalbide zein Udalbitzaren laguntzarekin.

Aurten, berreskurapen bide horretan pauso handia eman dute, bertako bisita gidatuak antolatu eta bisitarien segurtasuna bermatzeko eraiki den pasabide itxurosoarekin.
Ondorioz, eta aurtengo lanei akabila on bat emateko, gazteluko pasabidearen bizker besta antolatu dute abenduaren 13rako. Bertan, ekitaldi ttiki eta anaiarteko bazkari batez gain, heldu den urteko martxoan herrian ospatu nahi duten ekitaldiaren aurkezpena burutuko da. Aipatu ekitaldia, Baztango Udala, Udalbitza, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Amaiurko herriaren artean antolatzen dabiltza.

Larunbateko bizker bestaren egitarauari dagokionez, 11:00etan kalejira abiatuko da herriko plazatik; 11:30ean prentsa agerraldia eginen da, orain arteko lan ibilbidea eta etorkizunerako proiekzioa eta martxoko ekitaldiaren aurkezpena eginez. 12:00etan bertsolariak ariko dira eta ondotik, bisita gidatuak. 14:00e­tan bazkaria izanen da Gaztelu elkartean (Txartelak salgai Gaztelu ostatuan, 20 eurotan).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun