Amaiurko gazteluko pasabidearen bizker besta ospatu dute

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 15a

Amaiurko Gazteluaren sarbide eta plataforma berriaren lanak akituak dituzte. Utzitako argazkia

Martxoaren 7an “Harritik herrira” ekitaldi-jaialdia antolatuko dute, gaztelua guztioan eskura dagoela ospatzeko

2014. urtean, Amaiurko herriak, Baztango Udalak, Udalbiltzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiurko gazteluaren sarbide eta plataforma berriak eraiki dituzte, kultur ondare honek merezi zuen estetika zaindu egin da, eta, dagoeneko, eroso eta seguru bisita daiteke. Abenduaren 13an egin zuten agerraldian, erakundeek akitutzat eman dituzte lan horiek, eta iragarri dute martxoaren 7an ekitaldi-jaialdi bat eginen dutela bertan, “Harritik herrira” izenekoa, gaztelua guztion eskura dagoela ospatzeko eta «1922an Kanpion eta gainerakoek hasi zuten bidea segitzeko, dugun ondare historiko, kulturala eta turistikoa Euskal Herri osoarendako eskuragarri utziz». Ikusi argazkiak

2014. urtean, Amaiurko herriak, Baztango Udalak, Udalbiltzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiurko gazteluaren sarbide eta plataforma berriak eraiki dituzte, kultur ondare honek merezi zuen estetika zaindu egin da, eta, dagoeneko, eroso eta seguru bisita daiteke. Abenduaren 13an egin zuten agerraldian, erakundeek akitutzat eman dituzte lan horiek, eta iragarri dute martxoaren 7an ekitaldi-jaialdi bat eginen dutela bertan, “Harritik herrira” izenekoa, gaztelua guztion eskura dagoela ospatzeko eta «1922an Kanpion eta gainerakoek hasi zuten bidea segitzeko, dugun ondare historiko, kulturala eta turistikoa Euskal Herri osoarendako eskuragarri utziz». Ikusi argazkiak

Larunbateko agerraldian hitza hartu zuten Isaac Rekaldek (Amaiurko alkatea), Juantxo Agirrek (Aranzadi Zientzia Elkartea), Mertxe Aizpuruak (Udalbiltzako lehendakaria) eta Mikel Ortegak (Baztango zinegotzia).

Isaac Rekaldek eta Juantxo Agirrek azaldu dutenez, Amaiurko gaztelua Nafarroako mugarri historiko garrantzitsuenetakoa da, eta belaunaldiz belaunaldi Erresumaren defentsan gazteluan izandako borroka eta erresistentzia goraipatuak izan dira. Gertaera haietatik laurehun urte bete zirelarik, 1922an, Euskal Herriko zenbait erakundek eta hainbat herritarrek emandako laguntzari esker, gaztelua zegoen tokian marmolezko monolito bat altxatu zuten. Monolitoa 1931n suntsitu zuten lehergailu batez, eta frankismoaren bukaeran, 1982an, herritarrek berriz altxatu zuten auzolanez.

Amaiurko herriak bultzatuta, azken bederatzi urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek eta Amaiurko bizilagunek indusketa arkeologikoak egin dituzte. Lur azpian gordeta zeuden aztarnak azaleratu egin dira, Erdi Aroko dorre eta harresiak, XVI. mendearen hasierako baluarteak eta ur biltegia, XVII. mendeko gotorlekuak, etab.

Garaiko gazteluaren eraikuntza egiturak agerian zeuden, eta zenbait tokitan harresien altuerak eta malkarrak bisitarientzako arriskuak sortzen zituzten. Gainera, harresien gainetik monolitoraino iristeko aldamio zahar bat zegoen, eta herritik gazteluraino zihoan mendi pista baten azken tartea nahiko labainkorra zen. Bisitetarako baldintzak ez ziren egokiak, are gutxiago halako garrantzi historikoa duen toki publiko batean.

Jatorrizko harresien gainetik altzairuzko eta zurezko egitura bat eraiki da, gazteluaren egituretatik aise bereizten dena, lurzoru arkeologikoa zainduz, betiere. Harrizko horma eta pareten gainetik luzatzen den plataforma bat da, beti tarte bat utzita. Eraikin berri hau ez da betirako jarri, hau da, edozein momentutan ken daiteke eta gazteluaren izaera osoa mantentzen da.

Mendi pistaren maldan hormigoizko eskailera batzuk ezarri dira, eta altzairuzkoak, berriz, harresien gainetik monolitora iristeko. Erdi Aroko bigarren harresien gainetik zabaldutako plataforma berria Ikusgarria da, jatorrizko harresiaren ibilbide eta zabalera berdina baititu, eta Erdi Aroko bi dorreen forma borobila ere eman zaio. Azaldutako aztarnen arabera, harresi honen gainean zurezko egitura bat edo ”cadalso” bat egon zen garai batean, eta eraikitako plataforma berriak hori erakutsi nahi du. Plataformaren diseinuak gaztelua ulertzen lagunduko dio bisitariari.

Lan guztiak auzolanez gauzatu dira, monolitoa eraikitzeko aurreko belaunaldiek egin zuten moduan. Ekimen honetan Aranzadiko 38 kidek eta Amaiurko bertze 35 bizilagunek hartu dute parte udaran eta udazkenean, bakoitzak ahal zuen neurrian; lanbide, prestakuntza eta adin desberdinetako lagunak izan dira, eta haiei esker herritar guztiek izango dute orain Amaiurko gaztelua bisitatzeko aukera, ibilbide erraz eta egoki bat erabiliz. Ondare hau Baztango kultur eta turismo baliabideentzako erreferente bihurtuko da. Hori da martxoaren 7an ospatuko dutena “Harritik herrira” ekitaldi-jaialdiarekin, eta euskal herritar guztiak gonbidatu dituzte egun horretan gaztelura joatera.

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak aipatu zuenez, «eragile eta erakunde desberdinen arteko elkarlana funtsezkoa da herrigintzako proiektuak aurrera ateratzeko». Horregatik aipatu ditu Udalbiltzarekin batera lan hauek sustatu dituzten entitate guztiak, haien inplikazioa aintzat hartuz: Aranzadi Zientzia Elkartea, Amaiurko herria, Baztango Udala, Udalbide eta UEU. Eta halaber, eskertu du auzolan handi honetan parte hartu duten pertsona guztien ahalegina.

«Udalbiltzak lagundu du proiektu honetan konpromiso irmoa dugulako memoria historikoa lantzeko, bai antzinakoa bai gure garaikoa, eta uste dugulako gure iraganaren kontzientzia izan gabe nekez lortuko dugula gaur egun zer garen ulertzea. Eta orain azaleratu den gaztelu honen historia benetan garrantzitsua da XXI. mendeko Nafarroaren eta Euskal Herriaren gakoetako asko argitu eta ulertzeko», gaineratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun