Elizondoko Lanbide Eskolako 2. Goi Mailako Administraritzako 11 ikasle eta 2 irakasle azaroaren 17tik 21era arteko astean Alemaniako Essen hirian Enpresa Simulatuen Nazioarteko Azokan egon ziren.
Elizondoko ikasleak bi urtero atzerrian antolatzen diren simulazio azokatan parte hartzen dute, bere enpresa simulatua den Baztan Likoreak, SAS-ekin. Lehendik Salzburgo, Gante (Belgika) eta Pragan ibiliak dira, baina aurtengo bidaia berezia izan da. Alemanian 50 urteurrena betetzen zutelako eta Espainiako estatutik joandako ikastetxeei doako stand-a eskaini zietelako.
Ikasleek ingeleraz aritzeko aukera polita izan zuten azoka honetan, standera hurbildu ziren Europako eta bertze eskualdeetako herrialde desberdinetako enpresa simulatuen ordezkariekin (Alemania, Belgika, Moldavia, Italia….).
Ikasleek enpresa salerosketa eragiketak gauzatu dituzte ingelesez komunikatuz, bertze herrialde eta kultura ezagutu eta gelatik kanpo harremanak izateko aukera izan dute. Ikasleei motibazioa piztu zitzaien eta laguntza ekonomikorik gabe, antolatutako ekintza ezberdinei esker gastuei aurre egitea bilatu zuten.
Beti bezala, Malkorra Gozotegiak bere txokolatea eman zuen urruneko azoka honetan ere dastatu zezaten.