Azken aste hauetan, Baztango EH Bildu azkeneko agintaldia baloratzeko eta haustekunde programa herritarren partaidetzarekin zirriborratzen hasteko bilera irekiak egiten ari da. Eta gaur, asteazkena, parte hartzeari eta instituzionalizazioari buruzko gogoeta-saioa eginen du.
EH Bilduren arabera, «agintaldi honetan Baztango EH Bilduk herritarren parte-hartzea indartzeko hamaika ekimen egin ditu» eta horren erakusle hainbat kasu aipatu ditu: «udaleko batzorde irekiak, Elizondoko saihesbideari buruz Elizondoko herriarekin elkarlanean egindako batzarre jendetsuak eta herri-galdeketa, Baztango kuarteletan zahar etxeari buruz, uraren ordenantzari buruz eta berdintasun planari buruz egindako bilerak; Casinoaz aritzeko batzarra; Baztango Udal Plana idazteko parte hartze plana, urtero bazkaleku komunalak erabiltzen dituzten nekazariekin egiten diren bilerak, Almandozko harrobiaren afera bideratzeko egindako batzarrak, hiltegiaren foroa, uholdeei buruz informazioa emateko batzarra...». Gisa honetara, Udalak bere lan egiteko formak «guztiz aldatu eta ateak ireki dituela» nabarmendu du. Orain, berriz, egindakoa baloratu nahi dute, eta proposamenak bildu.
Baztango erakundetze sistema «berezia» dela gogoratu dute, Udala, Batzar Nagusia eta herrietako batzarrak daudelako. Baztango EH Bilduk adierazi duenez, «helburua baztandarrek beren buruak gobernatzea bada, etengabeko demokrazia ariketa egitea, horretarako Baztango erakundetzeak aukerak eskaintzen ditu, horiek nola baliatu da afera». Azkeneko agintaldian Batzar Nagusia eta herrietako alkateen lana balioztatzeko «lan handia» egin dela azaldu du, baina uste du «oraino hiru erakundeen arteko arduren banaketan eta koordinazioan zer egin badela». Aurrekontuen gaia ere hor dagoela oroitarazi du. «Baztango erakundetze konplexua kontuan hartuta zer egin herritarrek urteroko aurrekontuen lanketa eta erabakitze prozesuan parte hartzeko?». Bada horri buruz gogoeta egiteko izanen da gaurko bilera, 19:30etik 21:30era Elizondoko Arizkunenean eginen duten bilera irekia. Bilera horretarat »Baztan sozialki justu, herritar eta demokratiko batekin konprometituak dauden guztiak gonbidaturik daudela» gaineratu dute.