Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela gogoan hartuz, iaz hasitako bide beretik, aurten ere Baztango Udaleko Euskara Batzordeak ekitaldi andana antolatu du hilabete guztian zehar: hitzaldiak, tailerrak, kantaldia, antzerkia... guztiak ere euskarari lotutakoak.
Ekitaldiak abenduaren 2an hasiko dira Paula kasaresek idatzitako Irurita, euskarari iraunarazi dion herria liburuaren aurkezpenarekin. Liburua Baztango Udalak argitaratu du, eta abenduaren 2an Iruritako eskolan arratsaldeko 7etan izanen den aurkezpenean erosteko aukera izanen dute bertaratzen direnek.
Paula Kasaresen solasaldi eta liburuaren aurkezpenaz gain Dabid Anautek ere Euskararen kate hautsiak: hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburuan bildutakoaren berri emanen du abenduaren 11n Erratzuko lixutegian, eta 18an Asisko Urmenetak Peio Etxekoparrekin batera umorezko saioa eskainiko dute Arizkunenean.
Solasaldi zikloaz gain Xaldun kortin haurrekin euskaraz jolasteko tailerra ere izanen da bi egunez, eta Baztanen azken urteotan abian paratu den hilabeteroko antzerki eta kantaldia ere ez dira faltako.
Baztango Udaleko Euskara Batzordeak baztandar guztiak ekitaldi hauetan parte hartzerat gonbidatzen ditu, eta bidenabar oroitarazi, abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko eguna izanagatik, urteko gainerako egun guztietan ere euskara dela gure hizkuntza.