HIESaren kontrako eguna abenduaren 1ean da eta egun honen harira hitzaldia antolatu dute Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuek Arizkunenea kultur etxeko sabaian (3. solairuan) abenduaren 2an, astearte arratsaldeko 6etatik 8etara, Harribeltza elkarteko kide baten eskutik.
Harribeltza elkarteak hauxe egiten du: birusaren gaineko informazioa eta heziketa zabaldu transmisio eta prebentzio arloetan, jarrera ez bereizkorrekin. Eta horretaz gain, birusak kaltetutako jendearekin eta familiekin ere lanean aritzen da. Bertako kide bat gonbidatu dute Gizarte Zerbitzuek bere bizipenetatik prebentzioa eta heziketa lantzeko.
HIESaren berri
Giza Immunoeskasiako Birusa (GIBa) sistema immunitarioari erasotzen dion eta infekzioen eta minbizi-mota batzuen kontra pertsonak dituen defentsa eta zainketa-sistemak ahultzen dituen birusa da. Birusa zelula immunitarioak hondatzen eta immunitatearen funtzionamendu normala galaraziz doan heinean, infektatutako pertsona poliki-poliki immunoeskasian erortzen da. Egoera honek infekzio eta gaixotasun batzuekiko eraginberatasun handiagoa dakar. GIBegatiko infekzioko faserik aurreratuenari Hartutako ImmunoEskasia Sindromea edo HIESa deitzen diogu.
HIESaren benetako ikerketa 1981ean hasi zen lehen kasuen deskribapenarekin, hasiera batean pentsatu ez bezala, arrisku talde jakin bati ez dagokion gaixotasuna dela frogatu zelarik. Azken aldian gaitz horren gainean hainbertze aditzen ez badugu ere, ez da atzendu behar egunerokotasunean har ditzakegun neurri txikiekin birusa desagertze bidean jar dezakegula, adibidez, sexu harreman seguruak izaten.
Nafarroan SARE elkartea dugu Iruñean eta bertze zerbitzuen artean, formakuntza eta arrisku praktikak izan ondoko probak egiteko aukera ematen ditu. Hauxe da helbidea: SARE (k/ Suecako hiria, 5 behea) 948 384 149.