Oinez denda zabalik eta aurkezpen desfilea azaroaren 29an

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 27a

Juan Mari ONDIKOL

Bezperan 2015eko Nafarroa Oinezen aurkezpena egin zuten Iruñean, Nafarroa­ko Ikastolen Elkartean eta azaroaren 7an, Oinez denda ireki zuten Elizondon. Zenbait sor­presen artean, Porrotx pailazoa egon zen ekitaldian eta 1982an Elizondon egin zen Nafarroa Oinezeko logotipo egin zuen Martin Garde ere omendu zuen Baztan Ikastolak. Ekitaldia, Haur Hezkuntzako ikasleak hartzen dituen Kuartelekozelaian hasi zen eta handik kalejiran joan ziren Porrotxekin batera Santiago karrikan dagoen Urtsuenera, han paratu baitute Oinez denda. Dendara ailegatzerakoan, txalaparta eta txistu doinuekin eta dantzarien saioarekin ongietorria egin zen. Gainera, 1982ko Nafarroa Oinezen logotipoa egin zuen Martin Garde ere omendu zuen Baztan Ikastolak, Nafarroa Oinez 1982-2015 eta aurtengo logotipoa bordatuak zituen txapelarekin. Txokolatea ere banatu zen. Orai, Nafarroa Oinez 2015eko aurkezpen desfilea antolatu dute azaroaren 29an Lur dantzalekuan. 16:30ean harrera eginen zaie gonbidatuei eta 17:30ean ekitaldiaren hasiera. Bertzalde, Esklerosi Lateral Amiotrofikoa (ELA) ezagutaraz­teko eta ikerkuntzarako dirua biltzeko asmoz, Baztanen hasia den elkartasun kateari jarraipena eman zioten Baztan Ikastolako irakasleek azaroaren 12an. Erronka, orain, Baztan Ikastolako Guraso Elkarteari, Nafarroako Ikastolen Elkarteari eta 2015eko Nafarroa Oinezeko Batzorde Iraunkorrari bota diote.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun